Hizkuntza baten etorkizuna, bere komunitatearen kontzientzia kolektiboan hasten da.
Data: 2025-09-01
Irakurketa denbora: 2 minutu

Traduction : version en Fra

Hizkuntza mino… zer?

Euskaraz bizitzeko teknika pixka bat ez baita sekulan kalte!

Bat. Hizkuntza minoritarioa: engoitik, belarrian dukezu hitz pare hori. Bai: langue minoritaire, frantsesez. Hobeki? Ah, bitxi da frantsesez belarrian baituzu, eta ez euskaraz? Bo, ez hainbeste: anitzetan hala definitzen dute euskara, bretoiera, korsikera, ketxuera, maputxera… bezalako hizkuntza mota! Baina zuk, euskaldun bezala, ba ote dakizu zer den hizkuntza minoritario bat? Seguraski, bai: hiztun gutiko hizkuntza, edo hiztunak galtzen dituen hizkuntza.

Ederki. Zenbaki batzuk agerian emanez:

  • Euskal hiztunak (euskaldunak, beraz)… milioi bat omen dira munduan.
  • Maputxe hiztunak, berriz, 260.000 bat omen dira.
  • Ketxua hiztunak… 8 eta 10 milioi artean!

Zuri erratea zer den hiztun gutikoa izatea: hor konpon, Marianton!

Bi. Hizkuntza minorizatua, edo gutxitua: belarrian dukezu hitz pare hori. Bai: langue minorisée, edo minorée, frantsesez. Nola? Hori gehiago euskaraz duzula belarrian, frantsesez baino? Ah, ez da hain bitxi, hori ere ez: hizkuntza minorizatua egunerokoan bizi-espazio eta funtzio gutiko hizkuntza da, edo bizi-espazioak eta funtzioak galtzen dituena.

Zer? Ez duzula argi? Segur baietz: (bide) seinaleetan ttipiz eta etzanik den hizkuntza hura. Edo munduko kaferik arruntena ostatuan manatzea ere zail egiten zaizun hizkuntza hura duzu, teknikoki, hizkuntza minorizatua. Karrikan bista ona eta belarri fina eskatzen duen hizkuntza hura bera. Altxorra ere deitzen dute!

Afrikan bezala

Hiru. Philippe Blanchet soziolinguista proventzarrak uste du biziki garrantzitsua dela desberdintzea hizkuntza minoritarioa eta minorizatua, eta biak kontuan hartu behar direla hizkuntza bat biziberritzeko bidean emateko. Hau da: hiztunak irabaziz bezala, hizkuntza horrek berriz hasi behar duela egunerokoan bizi-espazioak eta funtzioak ere irabazten. Hots, presente eta erabilia izan behar duela egunerokoan, eta sustengu osoz: hizkuntza guzientzat badela toki mundu honetan.

Lau. Jone Miren Hernandez soziolinguista euskaldunak uste du ahalduntzailea dela hizkuntza minorizatuaren kontzientzia izatea. Hiztuna ohar dadin zein den bere egoera, eta kolektiboki antola dadin hizkuntza komunitatean. Inguratzen duen jendartea ere ohar dadin badirela hizkuntza eta hiztun minorizatuak, eta mundu eleanitza posible dela, Afrikako edo Ozeaniako hainbat tokitan mendez mende egiten duten bezalaxe.

Azkenean, modernoa eta garaikidea balitz jendarte bat edo lur xoko bat osatzen duten hizkuntza ezberdinak kudeatzen ikastea? Kontent zinateke, zu, Euskal Herrian euskaraz bizitzea posible balitz egunero? Eta goizeko kafea euskaraz manatzea ez balitz hain garesti?

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.