- Ah, ohartua zira, beraz, egiteko molde hori ez dela hain efikaza! Aski balitz, gure haurrek goxoki industrialak jaten dituztelarik, “bio!” oihukatzea, horiek janari sanoari lotzeko… aspaldian salda-jaleak lirateke!
- Serioskiago, “euskaraz!” oihukatzea, euskararekiko duzun atxikimendua adierazteko molde bat da. Gertatzen da gure haurrek, anitzetan, ez dakitela zer egin horrekin… Euskaraz eginen dute zuri obeditzeko, menturaz, baina aski duzu urruntzea, eta… ez du balio marrazkirik egitea.
- Horregatik, hain segur ere egokiagoa litzateke seme-alabei adieraztea zer itxoiten duzun haien partetik, zure mugak zein diren, entzutea haienak ere zein diren, eta, hortik, tratu bat adostea epe labur baterako. Epearen puntan, ea zer lortzen dugun, eta zer diren ondoko helburuak.
- Akigarria dela? “Euskaraz!” oihukatzea baino akigarriago? Neke hori saihesteko, inportantea ere bada egoera jostagarri eta gozagarriak bideratzea, laburrak baina erregularrak, etxean eta ahalaz etxetik kanpo, inguruan ditugun euskarazko gertakariak harrapatuz.
- Giro berri hori instalaturik, ikusiko duzu, lehengo egoerari konparatuz, haurrek galdera gehiago pausatuko dutela, zuk ere bai, eta elkarrizketarako aukerak sortu dituzuela. Zuen arteko trintxera ttipitu da, eta bide poxi bat elgarrekin egiteko aukera sortu duzue, ontzi berean!