Maia Larronde de Ajuriaguerra – Euskal Hedabideak
Euskararen biziraupenerako ezinbesteko tresnak dira euskarazko hedabideak. Egunerokoan gizarte gai guztien berri ematen dute, lurraldeko errealitatea eta ahotsa zabaltzeko helburuarekin. Azken hamarkadan zehar, Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideek, ekosistema mediatiko anitza eta dinamikoa osatzeko, Euskal Hedabideak kolektiboaren baitan bildu dira, beti ere saretze, mutualizazio, elkartasun eta ikusgarritasuna indartzeko asmoz.
Hedabideen kolektibo bizia
Gaur egun %100ean euskaraz diren 5 hedabideek Euskal Hedabideak egitura osatzen dute, formatu anitzak eskainiz, baita profesionaltasuna eta herrigintza uztartuz:
- Euskal Irratiak: lurraldeko 5 irratiek osatu sarea (Antxeta irratia, Gure Irratia, Irulegiko irratia, Amikuzeko irratia, Xiberoko botza);
- Kanaldude: telebista parte hartzailea;
- Herria: euskarazko astekari historikoa;
- Ipar Euskal Herriko Hitza: Berria taldeko astekari eta webgunea;
- eus: Mediabask taldeko informazio webgunea.
Erran bezala, sare komunikatibo honen paisaia anitza da: astekariak, irratiak, telebista eta web edukiak proposatzen dituzte publiko zabal batengana iristeko, euskara maila ezberdinei egokituz baita euskalki ezberdinak kontutan hartuz ere.
Hainbat baloreekin bat egin
Euskarazko hedabideak behatuz, gure hizkuntza erabiltzeko beste aukera bat ematen dizu, eta gainera euskararen garapenaren eta tokiko bizitasunaren eragile nagusi bilakatzen zara, hainbat arlotan:
- Gure lurraldeko errealitateak islatzen dituzten hedabideek, tokiko garapena eta balore demokratikoak defendatzen dituzte, hurbileko kazetaritza sustatuz, beti ere adierazpen askatasunaren eta gardentasunaren alde engaiatuz.
- Gaur egun, hedabide handi asko enpresa handi bakar batzuen menpe dira eta horrek iritzi aniztasuna eta informazioaren kalitatea arriskuan ezartzen ditu. Euskarazko hedabideek aldiz, independentzia eta askatasun osoz aktualitatea jorratzen dute. Horrela, gure tokiko errealitatearekin bat egiten duen ahots mediatikoa zaintzen eta informazio objetibo eta gardenaren alde egiten duzu.
- Egunero ekoiztuak diren euskarri mota guztien bidez informatuz (artikuluak, erreportaiak, elgarrizketak, eta telebista saioak, etabar.), hizkuntza ohiturak indartzen dituzu, eta euskara ikasle bazara, zure ahozkera eta hiztegia aberasten laguntzen ahal dizu.
Saretzea eta elkarlanaren indarra
2013an kolektibo gisa bildu zirenetik, gure hedabideek hainbat elkarlan editorial eraman dituzte aintzinera:
- “Ahoan bilorik gabe” eta Euskal Hedabideak lau haizeetara emankizunak;
- Hauteskundeen inguruko emankizunak: herri – departamendu – eskualdeko bozak;
- Gertakarien inguruko emankizunak: Korrika, EHZ, lanbide foroa, etabar.
Gainera, 5 hedabideen artean Hedabideak mutualizatutako publizitate saila (https://www.hedabideak.eus/eu_ES) sortu dute, lurraldeko eragileei (enpresa, instituzio eta elkarte) zuzentzen zaien kalitatezko publizitate eskaintza zabala proposatzeko helburuarekin:
- 5 hedabideetan (edo horietarik batzuetan) komunikazio kanpainen hedapena euskaraz, solaskide bakar baten bitartez;
- Ipar Euskal Herriko 80 000 pertsona baino gehiagorengana [1] heltzeko multimedia eskaintza (papera / digitala / ikus-entzunezkoa);
- Herritarrengandik hurbil diren euskarazko hedabideen bitartez, hurbileko eskaintza.
Zure urratsa, gure indarra
Izan euskaldun zahar edo berri, euskaraz informatzeko hainbat aukera aurkituko dituzu Euskal Hedabideen bitartez. Gure hedabideen osagarritasunari esker aktualitatea irakurtzen, entzuten edota begiratzen ahalko duzu, zuk hautatzen duzu nola, baina beti euskaraz.
Dinamika honetan parte hartu nahi duzu? Egunero euskaraz osoki bizitzeko prozesuan urrats berri bat eman ezazu, eta ber momentuan gure hedabide sarearen biziraupenean parte har ezazu, irakurle, entzule edota ikusle gisa!
[1] CODHA – EEP 2019 inkesta (IEHko 13 urtetik gorako biztanleria / Behatzea orotara: erregularra + noizbehinkakoa)