Euskara, hizkuntza...

Osoa

  • Euskara oraindik haurrei, irakaskuntzari eta kulturari lotzen bazaie ere sozialki, gure bizitzako eremu guzietarako balio du: eguneroko solasaldi arrunta, goi-mailako eduki intelektuala, ahozkoan zein idatzian, euskaraz egin daiteke dena.
  • Gaur arte euskalkietan gorde bada hizkuntzaren bizitasuna eta berotasuna, euskara batua askatzailea izan da eremu berriak zabaltzeko, XX. mende erditik goiti: hedabideak, internet eta sare sozialak, eskola eta lan-mundu ezberdinak.
  • Euskara aspaldian desagertu den tokietan ere, euskara batutik berreskuratzen ari dira. Euskal Herri osoko euskaldunok elkar ulertzeko eta hizkuntza komunitate bezala sendoago izateko ere balio digu.

Euskara batuak hiztunei eta eskualdeetako mintzoei mesede egin die, batzuk besteekin bizitzeko eta elkar trukatzeko aukera emanez. Hiztun komunitate egiten -edo bihurtzen- lagundu gaitu.

Koldo MITXELENA
20. mendeko hizkuntzalaria

Minorizatua

  • Euskaraz egin daiteke dena, baina praktikan zaila egiten da, toki anitzetan, egunerokoa osoki euskaraz eramatea: bizi-espazioak galdu eta galtzen dituen hizkuntza da euskara, hots, hizkuntza minorizatua.
  • Minorizatua izatearen ondorioetarik bat izan da hiztunak galtzea, edo gutxiengoan izatea: hots, hizkuntza minoritarioa izatea.
  • Anartean, inguruko hizkuntza nagusituek (frantsesak eta gaztelaniak), betetzen dituzte administrazioa, merkataritza edo aisialdia bezalako bizi-espazio inportanteak: egoera diglosiko hori gainditzeko, baitezpadakoak dira pindar sozial bizia eta hizkuntza politika publiko sendoak.

Komeni da ez ahaztea kultura subalternoa dela gurea, dena dagoelako egiteko beti, inork ez duela gure alde ezer egingo, etengabe gabiltzala azken poxpoloarekin jolasean.

Gorka URBIZU
Musikaria

Bizi berritzailea

  • 1960ko hamarkadatik goiti, jakin izan dugu hizkuntza transmisiorako bide berriak sortzen: ikastolak eta gau eskolak jin dira etxeko transmisioa osatzera, jende eta belaunaldi berriak euskaraz alfabetatzera, eta euskal hiztun osoak sortzera.
  • Tresna berri horiek besta-eredu berriak ere ekarri dituzte, 1980ko hamarkadan: ospakizuna, aldarria eta auto-finantzazioa uztartzen dituzten Korrika eta Herri Urrats. Geroztik, Korrika zabaldua izan da biziberritzen ari diren munduko hainbat hizkuntza komunitateetan.
  • Azken hamarkadetan, mundua inarrosi duten tresna edo uhinak euskaraz hartzen jakin izan dugu: musika estilo anitzak eta kontzertu-kantaldiak, disko eta liburuen demokratizazioa, irrati libreak, paperezko eta pantailazko komunikabideak… Adimen artifizialak ere jadanik euskaraz egiten du.
  • Gure aspaldiko adierazpen artistikoak ere eguneratzen jakin izan dugu, gure gazteriak transgresiorako bideak hartzeko ausardia ukanez: bertsolaritza hirietan sartu da, libertimenduek eta maskaradek plazak betetzen dituzte, EHZ-k festibalen munduan alternatiba iraunkorra proposatzen du…

Askapen edota transgresio espazio bat daukagu normalean gizartean hauskor dabilen jende batentzat: gazteak, emakumeak, euskaldunak. Aukera daukate plaza euskaraz hartzeko eta urtez urte sortzaile izateko.

Miren ARTETXE
Bertsolaria

Publikoa

  • Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa Iparraldean soilik ofiziala bada ere, hizkuntza politika publikoak lurralde osoan daude: Ipar Euskal Herrian, politika publiko zabalak (Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Elkargoa) lotuak dira hizkuntza politika lokalekin (Herriko Etxeak) eta sektorialekin (haur eta gazteen irakaskuntza, helduen euskalduntzea, aisialdia eta kultura, hedabideak, itzulpenak eta euskararen kalitatea…).
  • Gaur egun, 800.000 euskal hiztun daude Euskal Herri osoan, milioi bat diasporarekin kontatuz. Hiztun kopurua ez da apaltzen, baina biztanleriaren proportzioan hauskor gelditzen da, 16 urtez goragoko biztanleen %30ean.
  • Hizkuntza politika publikoen ardatz nagusietan jende berria euskalduntzea eta kontzientziatzea bada ere, euskararen arnasgune geografikoak ere zaindu beharreko elementuak dira: 107 herri dira ofizialki ezagutuak, EAE-n eta Nafarroa iparraldean. Baxe Nafarroan eta Xiberoan, biztanleriaren %47,5 euskalduna da oraindik, eta %13,8 euskaldun hartzailea (ulertzen duena baina mintzatu ez).
  • 2024-25 sartzean, lehen mailako ikastetxeen %70ak euskarazko eskaintza bermatzen du, kolegioen %78ak, eta lizeoen %57ak. Haurren %43 euskaraz eskolatua da, eredu ezberdinetan: murgiltzean (ikasgelan eta kanpoko eremuetan euskaraz), murgiltze klaseetan (ikasgelan bakarrik), eta oren parekideetan (ikasgelako orenen erdia bakarrik). Gurasoak geroz-eta kontzienteago dira haien ekarpenaz, eta, munduko beste hizkuntzetan ez bezala, euskaraz mintzo zaizkie haien haurrei, ongi jakin gabe ere bai.

Euskal aldekotasunaren lo lasaian uzten ditugun horiek aktibatu beharko genituzke eta euskara ikastera bideratu, euskaldunentzat, euskaraz bizi nahi dutenentzat, oztopo izan ez daitezen.

Sagrario ALEMAN
Euskalzaina

Berezia

  • Euskararen berezitasuna anitzetan bere gramatikari lotzen bazaio ere, islatzen duen mundu-ikuskera ere ez da ohikoa munduan: euskalduna, euskara duena da (berdin zaigu jatorria, bizitokia, larru kolorea, erlijioa, generoa, sexualitatea…), eta hizkuntzatik definitzen gara, komunitate bezala (Quechuak bezala, nahiz-eta populu gehienak haien lurretik edo estatutik definitzen diren).
  • Gure hizkuntza komunitateari etorkizuna eman nahi diogun munduko hizkuntzetan gara, eta genero berdintasuna edo klima aldaketa bezalako gai sozialek inarrosten gaituzten gisan, munduko hizkuntza aniztasuna bermatzeko mugimenduan sartzen dugu euskararen biziberritzea, beste hizkuntza komunitateekin elkarlanean, munduaren oreka hizkuntza eta kultur aniztasunetik ere lortzen dela iradokiz: UNESCO-k dio munduko hizkuntzen erdia desagertuko dela mende honetan. Alta, ez ote dute 6.900 hizkuntzek mundu hobea itzulikarazten, 10 bakarrek baino?

Askatasunak liberalismoa ekarri duen bezala, edo berdintasunak ezkerra, ez al dugu utopia berri bat sortuko munduan, identitate kolektiboak eta hizkuntza aniztasuna kudeatzen ikasteko?

Jon SARASUA
Euskaragilea

Zenbakitan

Munduan zehar

35

Euskara 35 unibertsitatetan irakasten da.

31

Wikipedian 31. hizkuntza elikatuena da, 450 000 artikulu baino gehiagorekin.

124

124 euskal etxe dira 5 kontinenteetan, zeinetan euskara irakatsi eta erabiltzen den.

Euskal Herri osoan

%36

Heldu euskaldunen % 36 euskaldun berria da.

%57,9

16 eta 24 urte arteko gazteen % 57,9 euskalduna da.

37.800

37 800 helduk ikasten dute euskara urtero.

Ipar Euskal Herrian

51.400

51 400 euskaldun 2021ean, hau da, biztanleriaren % 20,6.

%44

Lehen mailako ikasleen % 44k euskaraz ikasten du.

%61,5

Biztanleriaren % 61,5k interes «aski azkarra» edo «biziki azkarra» du euskararekiko.

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.