Gurasoen kezketatik gakoetara, euskararen transmisioa posible eginez.
Data: 2025-09-02
Irakurketa denbora: < 1 minutu

Traduction : version en Fra

Guraso: zer atzemanen duzu atari huntan?

Euskalduna izan ala oraindik ez, bere haurra euskararen jabetzean ahalik eta hobekien lagundu nahi duen gurasoak, bere beharretara egokitutako eduki ugari aurkituko ditu.

Ipar Euskal Herrian, 15.000 bat gurasok egin dute euskararen hautua 0 eta 15 urte bitarteko haurrentzat. Horretarako, erabaki dute euskara etxean transmititzea edota eskolan euskarazko irakaskuntza hautatzea.

Behar bereziak

Hautu koherentea da, baina batzuetan galdera batzuk pizten ditu: nola luzatu hizkuntzarekiko harremana eskolaz kanpo? Zergatik segitu euskaraz kolegioan eta lizeoan? Nola jokatu haurrak frantsesez ari direnean?

on.eus webguneak baliabide praktiko ugari eskaintzen dizkie gurasoei:

Artikuluak

irakaskuntza ereduak ezagutzeko, euskarazko ipuinen garrantziaz ohartzeko, euskara egunerokoan txertatzeko teknika errazak deskubritzeko, familian egiteko jarduerak aurkitzeko…

Aholku praktikoak

ohiko kezkei buruz, hala nola etxeko lanetan laguntza, hizkuntzen kudeaketa gurasoak eleaniztunak direnean, aitatxi-amatxien jarrera…

Baliabide egokituak

marrazki bizidunak, ipuinak, jokoak, musika… lotura zuzenak euskaraz une goxoak pasatzeko.

Eta gainera

euskarazko hitz orduen agenda eguneratua, eragile linguistikoen aurkitegia, lexikoak, informazio liburuxkak…

Pedagogia ariketa bat

Eduki berriak erregularki argitaratuko dira. Horretarako, arlo horretan ari diren elkarte eta instituzio publikoekin hurbiletik lan egingo dugu: guraso elkarteak, irakasleak, pedagogoak, herriko etxeak, hezkuntza aholkulariak…

Zuk ere webgunea hobetzen ahalko duzu, zure galderak pausatuz, edukiak proposatuz edo zure iritzia bidaliz. Azkenik, ON! sare sozialek tonalitate arinago batean webgune horretan lantzen duguna hedatuko dute; plataforma nagusietan atzemanen gaituzu.

Haurrak handitzen diren heinean, haien hizkuntza beharrak ere aldatuko dira. Baina aldatuko ez dena da guraso gisa betetzen duzun funtsezko rola: zure hautuen bidez, euskara haurraren ingurunean presenteago eginen duzu. Familia osoarekin bizitzeko abentura polita… eta presiorik gabe!

GURASO : Zer aurkituko duzu atari honetan?

  • Webgune hau gurasoentzat da.
  • Gurasoek seme-alabak euskaraz lagundu nahi dituzte.
  • Euskara dakiten gurasoek eta oraindik ez dakitenek baliabideak aurkituko dituzte hemen.

 

Zergatik da garrantzitsua?

  • Ipar Euskal Herrian, 15.000 gurasok hautatu dute seme-alabek (0-15 urte) euskara ikastea.
  • Batzuek etxean transmititzen dute euskara.
  • Beste batzuek eskola elebiduna edo euskarazko irakaskuntza hautatzen dute.

 

Gurasoen galderak
Batzuetan gurasoek kezka dute:

  • Nola segitu euskaraz eskolaz kanpo?
  • Zergatik aukeratu euskara kolegioan eta lizeoan?
  • Zer egin haurrak frantsesez mintzatzen direnean?

 

Webguneak eskaintzen dituen baliabideak

  • Artikuluak: eskola-ereduak, ipuinak, teknika errazak, familiarekin egiteko jarduerak.
  • Aholkuak: etxeko lanetan laguntza, hizkuntzen kudeaketa, aitona-amonen rola.
  • Materialak: marrazki bizidunak, ipuinak, jokoak, musika euskaraz.
  • Beste baliabide batzuk: euskarazko agenda, hiztegi txikiak, liburuxkak, elkarteen kontaktuak.

 

Azken mezua

  • Haurrak hazten dira eta haien hizkuntza-beharrak aldatzen dira.
  • Aldatzen ez dena da gurasoen rola.
  • Zure hautuekin, euskara zure haurraren inguruan gehiago egongo da.
  • Familia osoarekin euskaraz bizitzea posible da, presiorik gabe eta pozik.

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.