Murgiltze eredua eta murgiltze klasea desberdintzen laguntzeko!
Sartze giro honetan, zure inguruan entzuna dukezu “euskarazko murgiltzeak geroz-eta arrakasta gehiago” duela, haurrak eskolatzeko hautuetan. Ederki, baina zuk zer entzuten duzu, horrelakoetan: murgiltze « eredua », ala murgiltze « klasea »? Plisti-plasta edo igerika: noraino doa euskarazko murgiltzea?
Garrantzitsua da biak teknikoki desberdintzea:
- Murgiltze eredua: klasean euskara eta euskaraz irakasteaz gain, frantsesaren irakaskuntza CE1-etik goiti progresiboki sartuz, ikasgelaz kanpoko eremuetan ere bilatzen da haurrek euskaraz egitea, jolastokian, jantegian, haurtzaindegian, ateraldietan.
- Murgiltze klasea: klasean euskara eta euskaraz irakasten bada ere haur hezkuntzako (ama eskolako) azken urtea arte, ez da proiektu jarraikirik ikasgelaz kanpo euskaraz egiteko, edo zaila da euskaraz irautea beste klaseetan diren haur elebakar erdaldunekin gurutzatzean.
Ez dituzte, beraz, ondorio berak haurrak euskaraz loratzen laguntzeko. Biek pausatzen dute euskararen egitura, bereziki gai eskolarretan euskaraz egiteko, klase denboran, idatzian zein ahozkoan: gaitzeko aitzinamendua da, haurrak euskalduntzeko bidean, geroz-eta murgiltze klase gehiago izatea. Ibon Manterola eta Beñat Lazkano unibertsitarioen ikerketek, berriz, frogatzen dute euskarazko murgiltze ereduak ez duela frantsesaren menperatzea oztopatzen.
Hiztun osoak
Paula Kasares ikerle nafartarrak azpimarratu du, bere aldetik, zein inportantea den, haurrarentzat, hizkuntza sozializazioa: euskaraz jostatzea, eztabaidatzea, zirikan aritzea, egoera anitzetan eta eskolaz kanporaino! Horrela direla haurrak euskal hiztun oso bilakatzen: egoera guzietan euskaraz egiteko gai. Baitezpadakoa delarik, hizkuntza baten etorkizuna bermatzeko, hiztun oso masa bat izatea.
Zergatik? Hiztun osoak direlako gai espontaneoki euskaraz aritzeko: “To! Oihan: zer berri, ontsa haiza?”. Hiztun osoak direlako gai gero, helduaroan, euskaraz lan egiteko, besta egiteko, maitatzeko, iraintzeko, larrua jotzeko, errespetua ekartzeko, scrollatzeko, likeatzeko, irakurtzeko… Hots, euskara denen esku emateko! Horretarako, eta euskal hiztun oso gisa denboran irauteko, jendartearen sustengua ere beharrezkoa dute, euskaraz egunerokoan mintzatzen usatzeko.
Eta ez ote da garrantzitsua jendarteak ongi neurtzea murgiltze klaseak ala ereduak zein hizkuntza ondorio duen? Ez ote da euskararen gaiari garrantzia ematea? Eta, zalantzan diren guraso guziei bidea egiten laguntzea, euskararen hautu sendo eta bideragarri bati buruz, haurrak loratzeko? Gurasoen sustengu-hein desberdinetatik abiatuz, horiek burua eta gogoa altxatzen laguntzeko?
Plazera hartzeko haurrak euskaraz mintzatzen ikustea, arrainak urean igerika bezala! Plisti-plasta edo igerika: noraino doa euskarazko murgiltzea?