Estres linguistikoa, euskaldunon egunerokoan errealitate.
Data: 2025-09-01
Irakurketa denbora: 2 minutu

“Barkatu, euskaraz ari nintzen (baina ez haserretu, mesedez!)”

Goizeko 8:16 dira eta Baionara noa, ON! Pizturen bilkura batera. Garraio aukeren artean trena hautatu dut. Zorteduna naiz: tren geltokiaren ondoan bizi naiz, Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko mugan, Hendaia eta Irun banatzen dituen zubiaren inguruan.

Hego Euskal Herriko lagunentzat Iparraldekoa naiz, Urruñatik harago dauden herriak ezagutzen ditudalako —harritzen dira!—. Iparraldekoentzat, berriz, Hegoaldekoa naiz: ez baitut “r” beraiek bezala biribilkatzen. Nik, ordea, ohorez daramat: Euskal Herriko muga administratiboek ez naute mugatzen.

Gaur Baionara noa, nire Irungo lagunentzat urruneko hiri exotikoa den horretara. Niretzat, ordea, trenak ordu erdian hurbiltzen nau. Kontrara, Topoak egiten dituen geldialdi guztien ondorioz, Donostia askotan urrunago egiten zait.

Trenean noa, bai, eta nahiko urduri. Ez ditut ON!Piztuko lankideak ongi ezagutzen, eta lehen bilkurak beti sortzen dizkit tripako kilima bereziak. Horregatik erabaki dut autoa etxean uztea: ez dut nahi urduritasunak autopistako abiaduretan traizio egitea.

Nire bidai-lagunak: frantsesez idatzitako liburu bat, frantsesek nire azentuan jartzen duten interes hori disimulatu dezadan. Aldi berean, euskal musika ezberdinak belarrietan, treneko bidaia lasaia eta goxoa izateko.

Goizeko 8:16 dira. Hendaiako trenean nago, Baionarantz, kafearen beharrik gabe. Treneko langileak “Bonjour monsieur dame” xarmangarri bat bota digu, politeziaz.

Nire buruak oroitarazi dit: oraindik ez dut kafea hartu. Ez dut bururik, ezta aurpegirik ere hizkuntza-negoziaketak jorratzen hasteko. Baina treneko langilearen “bonjour”-ak galderak sortu dizkit: “hola, buenos dias” erantzun baterako prest nago? Esplikazioak emateko? Ezetz errateko, euskara ez dela Hego Euskal Herriko hizkuntza soilik. Prest ote nago “comment” edo “what?” bat jasotzeko? Nire herrikoa ez naizela sentiaraziko didaten aurpegiak ikusteko? Ez, goizegi da. Beraz tira, “Bonjour” neutro batekin erantzun diot, eta irribarre bat jaso dut trukean. Garaipen txiki bat, baina garaipen bat, hala ere. Orain kuluxka egiteko momentua. Zzz… eta bat-batean, kulpak, kaka zaharra! Zergatik ez diot euskaraz erantzun? “Egun on” batek hainbeste zailtzen ote du gure arteko politezia elkarrizketa?

Dagoeneko Baionara iristen ari naiz, trenetik jaitsi behar dut, baina lehenengo… nire bizikleta! Baina, noski, ez nago bakarrik: nire bizikleta eta beste bidaiari baten bizikleta lotuta daude, amodiozko istorio baten gisan.

Eta orain nola esango diot honi “mesedez, lagun, askatu zure bizikleta nire askatasunerako”? Ez da garai onena hizkuntza negoziazio konplexuetarako. Nire buruak gogorarazi dit treneko atea ireki eta berriz ixten den artean segundo gutxi izaten direla. Ez dut Bordelen amaitu nahi. Bordeaux-n, barkatu.

Taktika argia: “Tenez votre vélo” jaurtiketa egin diot, lotsagabeki. Bera, frantses estiloan, “merci” batekin erantzun dit. Eta ni? Irabazle sentitu naiz, baina, zergatik ez, deusetaz batekin erantzun diot, hor gelditu dadin nire identitate linguistikoaren aztarna. Ulertu ote nauen? Ez dakit. Baina nire barneko euskaldun txikia salto eta dantza hasi da, txalaparta soinuz.

Ez dago kulparik, geltoki galdurik, ezta barkamenik ere. Egun on bat izateko moduan nago, oraindik kafea hartu gabe ere.

Estres linguistiko guzti honek, behintzat, bilkurak sortzen dizkidan urduritasun kilimak kendu dizkit!

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.