Euskara ikasten ari zara eta akatsak egiten dituzu, nola ez! Euskaldun zahar zurrunek artetan bazter so beltza egiten dizute erran forma batzuengatik. Beste batzuek zuk esaldia bukatu aitzin errandakoa zuzentzen dizute irakasle moduan. Elkarrizketa batzuk izerdi trenpan bukatzen dituzu…
Hutsak, pettoak, denok egiten ditugu, gure amatxik zioen gisan: “Ari denari gertatzen zaio!”.
Hona tresna batzuk zure kezken arintzeko:
Nola erran
Frantses-euskara hiztegi elektronikoa. Euskara batua da, Ipar Euskal Herriko hizkuntza ingurumenari egokitua.
Frantsesetik euskarara itzuli nahi duzun hitz bat bilatzen duzunean egoki da, baita larunbata, ebiakoitza eta neskenegüna gauza bera dela ikasteko ere!
Elhuyar hiztegia
Bi zentzutan dabil: Eus-> fr edo Fr->Eus .
Euskarazko liburu bat eskutan duzula, kontestua erabiliz ulertzen ez duzun hitz baten zentzua ulertzeko adibidez. (Testuinguruarekin ulertzen baduzu, ez ireki hiztegia!)
Dudaken
Hezkuntzako Estilo liburua: Gramatika saileko duda zenbaiten argitzea du helburu. Euskara nola ahoskatu, edo laburdurak eta sinboloak idazteko argibideak emanen dizkizu.
<ez da> “ezta” ahoskatzen zela bazenekien?
Elia
Elhuyarren itzultzaile automatikoa: online gehienez 100 hitzeko testua itzultzen du jatorrizko hizkuntza automatikoki hautemanez. Dokumentu oso bat igo daiteke baita ere.
Euskara hutsean jaso duzun dokumentu baten erdia ulertzen saiatu zara, biba zu! Baina nekatua zara, beste erdia Elia erabiliz ulertuko duzu!
Xuxen
Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala da. Ortografia-akatsak hautemateaz gain, proposamen gramatikalak egiten ditu. Genero-ikuspegia ere kontuan hartzen du eta hizkuntza baztertzaileari buruzko gomendioak ematen ditu, hizkuntzaren erabilera sexistaz ohartaraziz.
Hutsak gorriz, urdinez eta berdez azpimarratzen ditu: eskolan traumatizatua izan bazara, ez erabil!
Iparrorratza
Céline Mounolen liburua kalko eta huts ohikoenen saihesteko bidelaguna da. Esparru publiko guztietarako (hezkuntza, hedabideak, administrazioa…) beharrezkoa dugun erregistro formala erabiltzerakoan hizkuntza zaindua du helburu, frantsesaren eraginez euskararen barnean sartu egitura okerrak eta euskararen ezagutza eskasez hedatu diren hutsak saihestuz.
Artikulu hau bukatzean, eskertu nahi bagaituzu, “Milesker artikulu honentzat”, “Milesker artikulu honengatik” erantzuten ahalko diguzu!