Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan.
Euskalgintza zertan den jakin nahi duen euskaltzale edo euskalkurioso horri.
Esnatu ala hil, euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburuak 1960ko hamarkadan abiatutako olatutik gelditzen diren azken bitsek utzi duten euskararen egoera kontatzen du. Gaurkoa. Euskara batua, besteak beste, sortu duen biziberritze-prozesuko aparraren azken burbuilak zartatzen ari dira momentu hauetan.
Iñaki Iurrebasoren Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa doktore tesian oinarritzen da, azken hori eta Garikoitz Goikoetxeak ateratako Esnatu ala hil liburua. Tesi horretan aipatzen zena, gaurkotu eta Akademikoen sektatik haratago zabaltzeko asmoz adaptatu dute. Beraz edonork irakurri eta ulertzeko moduan.
Hona hemen bereziki adierazgarria egin zaigun ideia bat: “Erabilerari buruz zabaldua dago diskurtso hau: euskararen arazoa erabilpen apala dela. Erabilera baloratzeko kalkuluak eginda, ordea, kontrakoa da ondorioa: ikusita benetan zer aukera dagoen euskara erabiltzeko eta hiztunek zenbateko erraztasuna duten euskara-erdaretan, handia da euskararen erabilera. Harreman sareek ahalbidetzen dutenaren barruan, erosotasunagatik espero litekeen neurritik nabarmen gora dago euskararen erabilera.”
Ideia horrek, gure iduriko, aski argiki esplikatzen du liburu honekin lortu nahi dena. Lehenik, aurreiritzietatik haratago, gaur egungo euskararen egiazko egoera da aipatzen dena 3 ardatz nagusitan: gaitasuna, erabilera eta atxikimendua. Horrez gain, emaitza horietatik, aspalditik konstantzia moduko batean eta nekatzen ari den euskararen egoerari zein norabide hartu ateratzen dute. Eguneroko erabilera bultzatzean burua hautsi ordez, erabiltzeko guneen sorreran da zentratu beharra adibidez.
Egoera ulertzeko erabiltzen duten irudia, beherantz doan eskailera mekaniko batean gorantz doan pertsonarena da: erritmo berean segituz den tokian mantentzen da, baina gehiegi nekatuz gero beherantz joanen da. Gehiago nekatu gabe igotzen segitzeko hartu beharreko norabide edo moduak atxemateko momentua dela ulertarazi nahi digute.
Tituluak larritzeko beharra dela pentsarazten ahal duen arren, bidea baikor egitea gomendatzen dute. Olatu eta eskailera mekanikoen gorabeheran, ikuspegi positiboak ere agerraraztea dute helburua. Egoera ez da errexa. Hortaz, mendiaren puntaraino iristeko falta den aldapa begiratu ordez, ingurukoei lotu eta pausuz pausu, erritmoa galdu gabe, gorantz segitzeko deia izaten ahal da liburu hau.