- Argiki formulatu ote dute ez dutela euskara ikasteko xederik? Hala ez bada, menturaz hobe zenuke hortik hastea: menturaz beti aipatu nahi dizuten gaia da, baina ez dira sekula menturatu zurekin abordatzera…
- Hortik, interesgarria izan daiteke ikusaraztea euskara ikasteko bideak aniztuz eta demokratizatuz doazela: barnetegiak diruz lagunduak dira, administrazioan edo langabetuentzat formakuntza profesional eta intentsiboak badira 6 edo 9 hilabetez ikasteko, lantegi batzuek zuzenean haien egoitzan klaseak antolatzen dituzte, familian euskara hobetzeko egonaldiak badira oporretan…
- Hala ere, argiki erran badizute ez dutela ikasteko xederik, interesgarria izan daiteke gaia doi bat sakontzea haiekin, memento lasai eta seguru batean: anitzek erraten du ez duela ikasteko denborarik, baina afera karrakatuz, euskara nola ikusten duten da gakoa, eta hor topatuko dituzue, elgarrekin, euskara ez ikasteko arrazoi nagusiak.
- Euskara zaila zaiela, euskara gabe bizi daitekeela, euskal mundua hetsia dela, euskara debekatu izanak familian sufrimendua eragin duela… Arrazoi horiek ezagutuz duzue elgar hobeki ulertuko, bide eginen, eta zuk ere jakinen duzu gaia nondik hartu, elementu konkretu horiekin zaretelako argiki aitzinatuko!