Hizkuntza eta kultura, oso nabarmen entzuten ditugun bi kontzeptu ditugu. Batzutan batera erabiltzen ditugu, beste kasu batzuetan banaturik. Baina bereiz ote daitezke hizkuntza eta kultura? Banatu behar ote dira biziberritzeko kontestu batean? Pentsatzen hasi ezkero, ikusi dezakegu bi ideia hauek bat egiten dutela. Hizkuntza ez da hitzen sorta hutsa, ez da komunikatzeko tresna soila ere. Hizkuntza bat bada pentsatzera, sentitzera, mundua ulertzera bultzatzen gaituena. Euskaraz pentsatzen dugunean, gure kultura modu jakin batean irudikatu egiten dugu.
Kulturaren kasuan, hizkuntzak arnasa eta presentzia har dezakeen lekua izaten da. Bertsoetan, literaturan, musikan, antzerkian, jaietan…euskarak bere lekua aurkitzen du. Pertsona erdaldun batentzat zaila eta ezinezkoa izango da bertsolaritzan guztiz murgiltzea euskara ikasi gabe. Baina bertsolaritzak ba ote du zentzurik euskaraz ez baldin bada?
Gure errealitatean topatzen ditugun kultur ekimenak oro har erdaraz izaten dira, euskararen presentzia txikia izanik. Euskaldun batentzat zaila da beraz eguneroko bizitzan kultur eskaintza zabal batekin topo egitea, euskara ez delako kultur horren erdigunean kokatzen. Euskal komunitatera hurbildu nahi duen pertsona baten kasuan, euskalduna izan gabe, euskaraz sortua izan den kultur eskaintzan guztiz murgiltzeko oztopoak topatzen ditu. Zaila euskaldun batentzat euskal kultur eskaintza topatzea, euskaraz sorturikoak askoz gutxiago direlako. Euskal komunitatean interesa duten erdaldunak ordea ez dira beti euskal kultur ekimenetara hurbiltzen, arrazoi nagusia euskararen ezjakintasunarekin. Hortaz, nola banatuko ditugu bi hauek?
Bi kontzeptu ezberdin dira, baina zaila dira banatzeko. Izan ere, hizkuntza biziberritzeko ahalegina ez da posible kultura bazter utzita, ezta alderantziz ere. Biak elkarri lotuta daude, eta elkar gabe ez dira osorik ulertzen. Euskararen kasuan, askotan ikusi dugu kultur sorkuntzak izan duela hizkuntza berreskuratzeko bidea: musikarien bidez, bertsolarien bidez, edo gazteen artean euskaraz sortzeko eta bizitzeko gogoak piztuta. Euskara bizirik dagoen tokian, kultura ere bizi da; eta kultura bizi den tokian, hizkuntzak arnasa hartzen du.
Horren inguruan hitz egiten eta ikasi ahal izateko Euskal Kultur Erakundeak eta Bordeaux Montaigne unibertsitateak bi eguneko egutegia antolatu dute Ipar Euskal Herriko goi mailako arteko eskolako amphiteatroan (Baiona). Azaroaren 5 eta 6an iraganen da eta izen emateak urriaren 31a arte zabalik daude.
Info +