Hizkuntza ideologiek euskaran dituzten eragin nagusiak.
Data: 2025-09-01
Irakurketa denbora: 2 minutu

Lehen hitza beti euskaraz egiteko 5 arrazoi

Hizkuntza-ideologiak, hizkuntza bat nola erabiltzeari buruzko pentsamenduak dira. Kulturalki errotuak eta gizarte bakoitzari espezifikoak izaten dira. Erran nahi du, ikasi ditugun ideiak direla eta ez direla aldaezinak.

“Nortasuna eta hizkuntzari atxikimendua harrotasunez erakutsi arren, gizartean ezkutatzeko adituak gira euskaldunak.”

Aditu batek ikertu ditu katalanen eta euskaldunen hizkuntza dinamikak eta akomodazioan da haiek eta gure arteko ezberdintasun handiena. Akomodazioa hizkuntza-ideologia bat da, parean dugunaren hizkuntzari egokitzeari deitzen zaio. Hala, katalanek parean duten horri lehen hitza beti katalanez eginen diotelarik, euskaldunek parekoak duen itxura edo geografikoki kokatzen giren tokiaren arabera zein hizkuntza erabiliko dugun kontzienteki (nahiz eta batzutan inkontzientea iduri duen) hautatzen dugu: parekoaren janzkeraren arabera edo tabernak duen musika edo bezero motaren arabera, frantsesa edo euskara (edo beste) hautatuko dugu. Zoritxarrez frantsesa izaten dugu anitzetan hautu seguruena. Nortasuna eta hizkuntzari atxikimendua harrotasunez erakutsi arren, gizartean ezkutatzeko adituak gira euskaldunak.

Beraz, akomodazioaren ohitura horri aurre egiteko, hona hemen lehen hitza beti euskaraz egiteko 5 arrazoi:

  • Parekoa zuri frantsesez mintzatzera ausartuko delako, ez zinuke zuk lotsatu behar parekoari euskaraz egiteaz. Euskaraz aritzeagatik parekoaren erreakzioaren beldurrari estres linguistikoa deitzen zaio. Nork ez ditu jadanik gurutzatu frantsesak bakantzetan? Ez ote zaizue harrigarria egin bertakoen hizkuntzara egokitzeko ez dutela batere indarrik egiten? Iduri du bertakoei dela frantsesa ulertzea eta ez alderantziz. Orduan, zergatik ez ote dugu gure herrian frantsesek duten lasaitasun berdina aplikatzen?
  • Agian, pentsatzen duzu euskarak eta frantsesak ez dutela maila edo prestigio berdina. Baina ideologia bat da hori ere bai. Bi hizkuntzen artean hierarkia bat badela pentsatzea, diglosia deitzen da. Balorea edo prestigioa eman zaiolako Brad Pitt bilakatu da Brad Pitt. Baina beste edozein gizakik bezala batzuetan kaka egin behar du eta erosketak ondoko supermerkatuan egiten ditu. Beraz jatetxe formal batera joatean ez da arrazoirik frantsesa erabiltzeko euskararen gainetik. Hizkuntza guztiak maila berekoak dira.
  • Ezezaguna ezagun bilakatzen ahal delako. Lehen hitza euskaraz egiten badugu eta parekoak euskaraz erantzuten badigu, egunero ogia erostera lagun batengana joatea bezala izango litzateke. Okinak frantsesez egiten balu, seguraski karrikan gurutzatzean ez ginuke ezta ezagutuko. Baina euskaraz baldin badaki, irriarekin agurtuko ginuken pertsona bat bilakatzen da. Holako egoerak sortzeko existitzen da Euskaraldia, horrelako elkar ezagutza ederrak sortzeko. Horretarako Euskaraldiko jarrera hori urte osoan zehar aplikatzeko zerbait da.
  • Zentzu berean, betidanik frantsesez egin diozun horrek euskara zekiela jakitearen frustrazioa handiegia da ez saiatzeko. Lehen hitzak euskaraz egitea ez arriskatzeagatik, harremana frantsesez garatzeak ez du merezi. Gainera euskara dakiela jakitea frustragarria izaten da. Nola pasa ote dugu hainbeste denbora biak deserosoki harremantzen? Berdin du parekoaren itxurak edo elkarrizketaren tokiak, horrelako egoeretan lehen hitzak euskaraz egitearen apustuak beti merezi du. Eta erran bezala, batek daki, agian sorpresa onak ateratzen ahal dira.
  • Ingurukoentzako adibidea bilakatzen zira. Beti zaila denez lehena izatea zerbaitetan, norbaitek bidea ideki behar du. Lehen hitzak euskaraz egiten entzuten zaituen edonork errexago izango du indarra egitea. Izan euskara ikasten ari den horren ausardiarentzat, edo entzun zaituzten haur horiek proiektatu daitezen, lehen hitza euskaraz egiteak ez du kalterik inorentzat. Gainera, agian hainbeste pertsonek lehen hitzak egin dizkioten dendari hurak, nola erantzun ikasteko indarra eginen du ere bai.

Erran bezala, aipatutako egoera gehienak ideologiei lotuak dira, pentsatzeko ohitura hori aldatzea da lan gogorrena. Baina, kafearekiko adikzioa bezala, lehen zurrutetan gustoa pixkat gogorra izan arren, eguneko edozein ordutan edaten bukatzen dugu.

Urrunago joateko

Euskaldunaren nekeak – Estres linguistikoa

Lehen hitza euskaraz egiteko arrazoiak

  • Jende askok lehen hitza frantsesez egiten du.
  • Hori ohitura da, ez legea. Alda daiteke.

5 arrazoi euskaraz hasteko:

  1. Ez lotsatu: Frantsesek ez dute lotsarik beren hizkuntza erabiltzeko. Guk ere ez behar.
  2. Hizkuntza guztiak berdin: Ez dago hizkuntza “handi” eta “txikirik”. Euskarak balio bera du frantsesak bezala.
  3. Lagun berriak: Euskaraz hasten bazara, askotan bestek ere euskaraz badaki eta lagun edo ezagun berri bat egiten duzu.
  4. Ez galdu aukera: Batzuetan urteak pasatzen ditugu norbaitekin frantsesez, eta gero jakiten dugu euskaraz bazekiela. Frustrazio handia da.
  5. Adibide ona: Zuk euskaraz hasten bazara, besteek ere errazago egingo dute. Haurrak, lagunak, dendariak…

👉 Lehen hitza euskaraz egitea ez da arriskutsua.
👉 Ohitura aldatzea zaila da, baina posible da.
👉 Zenbat eta gehiago egin, orduan eta errazagoa da.

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.