Data: 2026-04-21
Irakurketa denbora: < 1 minutu

Traduction : version en Fra

Nafarroaren Egunera, zergatik?

Ausartu euskaraz bizitzera: zatoz Nafarroaren Egunera

Tik-tak…2026ko Nafarroaren Eguna ate joka dugu! Urtero bezala, apirilaren azken igandean ospatuko da Baigorrin, Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko batasun kulturala aldarrikatuz. Baigorriko Basaizea elkarteak antolatzen du, eta 1978tik hona finkatu den hitzordu garrantzitsua da euskal komunitatearentzat.

Baina, teoria eta historia alde batera utzita, zergatik joan Nafarroaren Egunera?

Lehenik eta behin, haurrekin euskaraz asteburu goxo bat pasatzeko aukera paregabea da. Haurren xokoa ez ezik, egunean zehar antolatzen diren ekitaldi ugariek giro bizia sortzen dute, adin guztietakoentzat pentsatua, eta une oro euskaraz gozatzeko aukera ematen dute. Horrelako hitzordu alaien euforia eta aisialdia euskaraz bizitzeko poza…zergatik ez gure txikiekin partekatu?

Bestalde, euskara ikasi bai, baina praktikatzeko aukerarik ez duzula sentitzen baduzu, hau da zure momentua. Giro lasaian eta epel batean, lehen hitzak euskaraz botatzeko parada ezin hobea da. Zergatik ez hasi klasiko batekin: “xingar talo bat, otoi!”?

Halaber, askotan sumatzen bada hizkuntza eta kultura elkarrengandik urruntzen ari direla, Nafarroaren Eguna kontrako norabidean doan espazio bizia da. Hemen, euskarak eta kulturak eskutik egiten dute bidea: musika, dantza, dena euskararen inguruan eta euskaraz. Estres linguistiko handirik gabe, lehen hitza euskaraz egiteak ez zaitu arrotz sentiaraziko behingoz!

Eta euskara jakin ez baina interesa dutenak hurbiltzen badira, zergatik ez gure komunitatea ezagutarazi? Gure hizkuntza eta kultura partekatu? Nork daki, agian hurbilketa horrek bultzatuko ditu etorkizuneko euskaldun berri bihurtzera!

Azken finean, Nafarroaren Eguna kultura eta hizkuntza uztartzen dituen ospakizun bizia da. Eta galdera bat uzten dut airean: gaur egungo hizkuntza eta kultura biziberritze testuinguruan, benetan bereiz daitezke bata eta bestea?

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.