Data: 2026-06-23
Irakurketa denbora: 2 minutu

Traduction : version en Fra

“Euskal Musika”

“Euskal musika” izendapena erabiltzen dugu euskaraz sortutako abestiak aipatzeko. Hizkuntza gutxitua garen heinean, gure kultura aldarrikatzeko eta partekatzeko orduan, garrantzitsua da “euskal musika”, “euskal artistak, “euskal antzerkia” edo “euskal zinema” bezalako izendapenak azpimarratzea. 

Baina, zer dago "Euskal musika" esaten dugun izendapen horren barnean?

Goazen “euskal musika” deitzen dugun horren barruak pixka bat miatzera. Izendapenak balio handia duen arren, askotan euskaraz sortutako musika guztia zaku berean sartzeak ondorio bitxiak ere ekartzen ditu. Zenbat aldiz entzun dugu: “Bai, baina nik ez dut euskal musika gustuko?”

Agian elektronika ez duzu maite, baina reggaea bai. Agian ez dituzu kantu tradizionalak maite, baina gaur egun sortzen ari diren talde berriak entzuten dituzu gustura. Entzun ote izan dugu inoiz “ez dut musika frantsesa maite?” Ez, ezta? Musika estilo batzuk gustuko izan daitezke eta beste batzuk ez; baina musika hizkuntzagatik baztertzea, hori beste kontu bat da. 

Euskal musika bada Benito Lertxundi, Niko Etxart, Mikel Laboa edo Lurdes Iriondo. Baina bada ere Nogen, Janus Lester, Pisoo, Bele, edo Zea Mays. Bada Maskak eta Su Ta Gar. Huntza izan zen, eta gaur egun Süne da. Esne Beltza izan genuen eta gaur egun Eire, Burutik, Olaia Inziarte, Olatz Salvador edo Añube ditugu. Hertzainak edo IndigØ, Maren edo Gorka Urbizu. Neomak edo Izaro, baita Ruper Ordorika edo Itoiz ere. Sara Zozaya, Bulego, ETS, Skabidean eta beste hamaika talde gehiago. 

Eta batez ere, euskal musika ez da estilo bakarra. Rocka bada, baina elektronika ere bai. RTZk raparen ateak zabaldu dizkigu, eta Mirua bezalako taldeek erromeriaren eta soinu garaikideen arteko zubiak ireki dituzte. Oholtza maskulinizatuetatik abiatuta, emakumeek ere geroz eta espazio handiagoa hartu dute, bakarka zein taldeka. Talde gehienak Hego Euskal Herrian sortuak izan arren, Ipar Euskal Herritik ere badatoz proposamen ugari. Eta bai, hori guztia da euskal musika. 

Gaztetxeetan entzuten dena da. Herriko jaietan, ostatuetan eta azken urteetako kontzertu erraldoietan kantantzen dena. Autoan, etxean edo entzungailuetan lagun duguna. Eta batez ere, gure hizkuntzan transmititzen dena da, herri eta kultura baten ahotsa, musika bidez kantatuz zabaltzen diren mezuak.

Singularra ala plurara?

“Euskal musika” singularrean esaten badugu ere, hobe ulertzea pluralean. Gustu askotarako, belaunaldi guztietarako eta momentu ezberdinetan entzuteko. Horregatik sortu ditugu on.eusen gure playlistak ere, estilo, giro eta artista ezberdinez osatutako aukeraketa zabalak, bakoitzak bere euskal musika aurki dezan. 

Gure Plyalistak

    • Haurrentzako playlistak entzuteko klikatu  HEMEN.

 

    • Helduen playlistak deskubritzeko klikatu  HEMEN.

 

Entzun eta deskubritu. Eta noski, zerrendetan falta den talderen edo artistaren bat bururatzen bazaizue, ezagutarazi iezaguzue! 

Euskal Musika

Euskal musika euskaraz sortzen den musika da. Baina zer sartzen da izen horren barruan? 👇

🎶 Estilo asko, musika bera

  • Euskal musika ez da estilo bakarra
  • Rocka, rapa, elektronika, reggae, musika tradizionala… denetik dago!
  • Horregatik, agian ez zaizu estilo bat gustatzen, baina beste bat bai. Euskal musika ez da genero bakarra.

👩‍🎤 Artista asko

  • Euskal musikan artista eta talde ezagun asko daude: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Nogen, Zea Mays, Huntza, Izaro, Gorka Urbizu, ETS, Bulego, Süne eta beste asko.
  • Gainera, Ipar eta Hego Euskal Herritik sortzen dira talde eta artista berriak.

🗣️ Gure hizkuntzan

  • Euskal musika gure hizkuntzan kantatzen den musika da.
  • Gaztetxeetan, herriko festetan, kontzertuetan, etxean edo entzungailuetan entzuten dugu.
  • Musikaren bidez, gure hizkuntza eta kultura ere zabaltzen ditugu.

🎧 Euskal musika aurkitzeko prest?

On.eus-en playlist ezberdinak aurkituko dituzu.

Entzun, deskubritu eta gozatu euskal musikarekin! 💚

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.