- Aski dutela egiazko euskara zuri erakustea! Funtsean, ba ote dakite formulatzen zer den egiazko euskara? Apustu ezetz!
- Horiek entzunez, iduri luke euskaraz mintzatzeko molde bat eta bakarra baizik ez dela… eta euskarak soilik balio duela batzuen artean hitz egiteko. Ikustekoa ere belaunaldi gazteekin euskaraz ari diren…
- Hain segur ere, horretan da korapiloa: haiek mintzo duten euskara biziki lokala dela, eta zuk ikasten duzuna, biziki globala dela. Haiek badituztela hitzetan, erran-moldeetan, doinuetan… finezia edo ñabardura batzuk eguneroko solasetan; zuk, gai desberdinak, molde desberdinetan eta pertsona desberdinekin aipatzen ahal dituzula: politika zein kirola, idatzian zein ahozkoan, auzoarekin zein irakaslearekin…
- Ebe zorionak: haiek eta zuk, euskarari bere osotasuna ematen diozue! Beraz, badakizue zer egin: zuk, haiek euskaraz mintzarazi gai desberdinei buruz, eta haiek, zu eguneroko solasetan trebarazi. Praktika duzue eskas, baina jinen da! Eta horrela zaizue naturala bilakatuko euskaraz mintzatzea, elgarrekin.