Data: 2025-12-02
Irakurketa denbora: 2 minutu

Traduction : version en Fra

Eguberriko merkatu alternatibora gomita

Eguberri heldu zaigu

Eguberri ate joka dugu eta dagoeneko Olentzero eta Mari Domingi bidean ditugu Euskal Herriko etxe guztiak goxatzeko asmoz. Baina zer eskatuko diot aurten Olentzero eta Mari Domingiri? Zaila da benetan lista finko bat egitea. Nora bidaliko ditut nire oparien bila? Nori erosiko dizkiete opariak? Zaila egin arren, lortu dut azkenean gutun bat egitea, eguberriko nahi ditudan opariak zein diren eskatuz:

Merkatu alternatibo eta solidariora gomita

Olentzero eta Mari Domingi maitea, espero dut untsa ziztela. Gaur goizean asto bat ikusi dut pentze batean, zuena izango ote zen? Hotza iritsi zaigu deia, pasaden astean gure bazter batzuk xuri ikusi genituen, zuen etorrera nabari da…

Aurten ez dizkizuet gauza anitz galdetuko, badakit lanpetuak zaudetela. Baina gonbidapen txiki bat egin nahi dizuet, Euskal Herriko etxeetara eramango dituzuen opariak errazago atzematzeko. Baionan, San Andres plazan eguberriko merkatua antolatu da.  3 egunetan irekiko da: abenduaren 3an (euskararen nazioarteko eguna), 4ean eta 5ean, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara. Hori gutxi balitz, languntzaileak atzemanen dituzue kafe eta bixkotxen bidez zuei harrera egiten.  

Merkatu alternatibo eta solidarioa izanen da, eta bertan atzemanen dituzuen opari aukerak bikainak izanen dira, eta gainera etikoak. Aukera zabala duzue, egutegiak, katiluak, jokoak, diskoak, liburuak, kuadroak, zakuak, jantziak eta beste gauza asko eskuratzeko aukera izanen baita.  

Gainera, merkatu euskaltzalea izanen da, bertan topatuko dituzuen elkarte, eragile eta pertsonak euskara eta euskal kultura bultzatzeko lanean ari baitira.  Lokala biziarazten duten 8 elkarteek (Bada, Biga Bai, Elkar, Euskal Konfederazioa, Hedabideak, Plazara, Topagunea eta UEU) beste elkarte batzuk gomitatu dituzte merkatuan parte har dezaten. Etxepare lizeoko ikasleak ere bertan izanen dira, merkatua biziarazteko laguntza eskaintzen.  Opari aukera anitza ukanen duzue, eta honek euskararen alde ibiltzen diren elkarteak sostengatzea ahalbidetuko du.  

Besterik ez, espero dut zuen lanean lagundu izana. Mila esker Euskal Herriko etxeak euskaraz eta euskaratik sortuak diren opariz betetzeagatik.

Laster arte, 

Euskara.

Eta zu zer? Zu ere animatzen zara? Zer uste duzu gonbidapena bakarrik Olentzero eta Mari Domingirentzat izanen dela? Inolaz ere. Denei zabaldua izanen da, beraz, ez duda eta hurbildu 2025eko Eguberriko merkatu alternatibora itzuli bat egitera!

Eguberri ON ON ON!

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.