Data: 2025-11-04
Irakurketa denbora: 2 minutu

Traduction : version en Fra

Euskaraz ligatzea posible bilakatu da!

Tinder, mundu mailan ezaguna zaigun aplikazioa dugu. Pertsonen arteko ezagutza errazteko asmoarekin sortu izan den eduki digitala. Erlazio sexu-afektiboak sortzeko erraztasuna lortzeko sortu zen Tinder, nahiz eta bertatik sortu diren harremanak askotarikoak izan. Badira aplikazio honen bidez sortu diren bikote harremanak, anekdota hutsetan geratu diren trukaketak, laguntasun harreman ederrak, ezbeharrak, besteak beste. Finean, Tinderrek duen helburua, hain presente dugun presentzia digitala erabiltzea izan da, pertsonen arteko harremanak sortzeko. 

Makina digital honek, pertsona izaera izan ez arren, hizkuntza batzuk ikasi izan ditu sortu zen unetik. Haatik, hizkuntza soil batzuk erakutsiak izan zaizkio hasieratik, mundu mailan nagusi direnak. Horien artean, ingelesa, frantsesa, gaztelera eta beste batzuk ikasi ditu soilik. Honek zera eragin du, Tinderra izan duten pertsonek haien deskripzio orrialdea hizkuntza batzuetara mugatu behar izan dutela. Denek ez dute haien hizkuntzan komunikatzeko aukera izan. Ligatzea eta jende berria ezagutzea gauza errezena ez dela kontuan hartuta, merito gehiago izan dute beste hizkuntza batean haien burua deskribatu izan duten pertsonak, hizkuntza gutxituetan bizi diren pertsonak. 

Baina errealitatea aldatu egin da, 2025eko urriaren 21etik Tinder aplikazioa euskaraz ere eskuragarri dagoelako. A zer nolako berria, euskaraz ligatzea posible egin du Tinderrek, euskaldunek ligatzen ez dakigunaren mitoa hausteko aukera bikaina bilakatuko ote da? 

Agian tontakeria dirudi, baina aitortu beharra daukagu euskarak beste esparru bat bereganatu duela, euskararen presentzia ageri izanez. Honek hizkuntza gutxituen aitorpena hein batean erakutsi egiten du. Izan ere, hizkuntzak eguneroko hainbat alorretan erabiltzeko beharrezkoak dira. Euskara bada ikasteko hizkuntza, haserretzeko hizkuntza, txisteak egiteko hizkuntza, hitzaldiak eta formakuntzak emateko hizkuntza, eta zergatik ez ligatzeko garaian erabiltzeko hizkuntza? Askotan joera izaten dugu egoera jakin batzuetan hizkuntza nagusiak erabiltzea, euskara bezalako hizkuntzak eremu serio eta dramatikoetara bideratuz soilik. Baina hizkuntza baten biziberritzean, hizkuntzak ezinbestekoa du pertsonen egunerokoaren parte diren esparru gehienetan presente izatea, hizkuntza baliagarri dela barneratu ahal izateko. 

Aurrerapausu sinbolikoa gure hizkuntzarentzat. Euskara, beste hizkuntzak bezala, dagoeneko ez da pertsonen arteko harremanetara mugatzen soilik, makinek eta aplikazioek ere hitz egiten dituztelako hizkuntzak. Ez dakigu belarriprest edo ahobizi izango diren, baina behintzat euskara erabiltzeko aukera ematen digute. Hortaz, euskaldunek estrategia digitalak ligatzeko aukera bezala erabili ditzakete. Beraz irakurle, goza euskaraz, bizi euskaraz, eta zergatik ez, ligatu euskaraz! 

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.