Data: 2026-03-31
Irakurketa denbora: 2 minutu

Traduction : version en Fra

Haurrari uda euskaraz gozatzeko parada ematen diot!

Ulertu duzuenez, zuen haurrari euskarazko murgiltze-egonaldi bat eskaintzea plazerra hartzeko eta bere hizkuntzan konfiantza irabazteko gune bat eskaintzea da.

Euskarazko egonaldiak murgiltze zein elebidun sailean eskolaturiko haur eta gazte euskaldun guzientzat irekiak dira. Egonaldi denboran euskarazko elkarbizitza garatzen da, eta gehienetan, harreman estu eta esanguratsuak sortzen dira, haurrengan euskaraz mintzatzeko motibazioa azkar eraginez.

Euskarazko murgiltze-aisialdiek zure haurrari bere hizkuntza eta kultura bereganatzeko jauzia egiten lagunduko diote.

Egonaldi denboran, animatzaileek haurrei hizkuntza-baliabideak transmititzen dizkiete eta autonomia garatzen laguntzen dituzte. Euskarazko opor egonaldien eskaintza azkartze bidean da eta aniztasun horrek haur bakoitzari komeni zaion modeloa aurkitzea errazten du. Hona hemen euskarazko opor egonaldiak eskaintzen dituzten eragile batzuen zerrenda:

UDA LEKU
elkarteak 1983 urtetik euskarazko aisialdiak proposatzen ditu, iparraldeko euskarazko aisialdi zentro historikoa da. Euskarazko bost aisialdi zentroez gain, 6-15 urte  tarteko haurrei zuzenduriko opor egonaldiak proposatzen ditu udan, baita neguan ere,  hainbat gairen inguruan

BERTSO UDALEKUAK
bertsogintza ikaskuntzaren inguruko egonaldiak dira, Bertsozaleak elkarteak antolatzen dituenak Euskal Herriko hainbat herrialdetan 9-15 urte tarteko  gazteentzat. Bertsolari sutsu eta ospetsuek animaturik, zure haurra ongi inguratua izanen da, eta nork daki… agian ondoko Gazte Xilaba txapelketa irabaziko du!

FAMILIA egonaldia
familiako hizkuntza ohituretan eragiteko sortu da, Plazara, Uda Leku,  AEK, Ebete eta Dindaira mugaren bi aldeetako elkarteek elkarlanean proposaturik.  Egonaldian haur eta helduentzako aisialdiak proposatzen dira baita euskara kurtsoak ere helduentzat.

EUSGUNEAK euskarazko egonaldiak
Euskararen Erakunde Publikoak proposatzen dituen udako egonaldiak dira, Uda Leku eta Bonzai elkarteekin elkarlanean. Iparraldeko 8-15 urteko 100 haur eta gazteei zuzenduriko aste bat edo hamar eguneko egonaldiak dira, Bizkaia eta Gipuzkoako herrialdeetan

BONZAI
elkarteak 2024 urtetik haurrendako opor egonaldiak euskaraz proposatzen ditu. Bakantza egonaldi hauetan elkar bizitzari denbora ematen zaio eta lurralde baten ezagutza sustatzen da.

EUSKARABENTURA
uztail oro, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15-17 urteko 125 neska-mutiko, euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzera eramanen dituen oinezko espedizioa da, Euskal Herri osoan barna. Urte oro, Iparraldeko gazte gero eta gehiagok parte hartzen dute abenturan.

MUGALDEKO UDA LEKUA
Euskal Herriko lurralde guztietako 13-15 urteko 40 gazteentzako aste bateko egonaldi ibiltaria da, Ttur ttur aisialdi zentroak antolatzen duena Urruña, Sara, Oiartzun eta Bortzirietako mankomunitatearekin partaidetzan. 

BERTZE: Herriko Etxe edota Euskaraz Josta labeldunak diren aisialdi zentro elebidun batzuek egonaldi laburragoak antolatzen dituzte, Baigorri eta Erratzuko “Nor bizi da Izpegiren bertze aldean? ” ekitaldiaren gisakoak. Informa zaitez zure Herriko Etxean edo zure haurraren aisialdi zentroan. Zure herrian oraino ez baldin bada… sortzekoa da! 

Kasu! Eskaria handia izanez, tokirik gabe ez gelditzeko, lehenbailehen zure haurrari aipa iezaiozu. Interesa eta gogoa erakusten badu, bere izena eman! 

Bistan dena, aisialdietan euskaraz loratzeko, urtean zeharreko hautuak ere badira. Xehetasunak eskuratzeko “Euskara, josteta ere badelako!” artikulura jo. https://on.eus/euskara-josteta-ere-badelako/

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.