Euskal Herriko ihauteri askotan manikiak edo panpina handiak eramaten dira desfile eta emanaldietan. Kasu gehienetan panpinak suan bukatzen du bere ibilbidea; batzuetan, gainera, auzitua izaten da egindako zenbait krimen leporatuta. Baina nor ote da pertsonaia hori?
Iparraldean panpina horri San Pantzar edo sabel handi deitzen diogu. Handia, ikaragarria eta itsusia da gure San Pantzar. Batzuetan, gainera, ez du gizakiaren formarik ere. Lapurdiko ihauterietan auzitua izaten da, eta azkenean suan bukatzen du, denen poz handirako.
Thierry Truffauten arabera, “baserri munduan sua beti garbitzaile gisa baliatua izan da, baita izutzeko edo libratzeko ere”. Ihaute denboran aker pekatzaile bat erretzen da; Truffauten hitzetan, “gazteria inguruan dantzatzen da ke purifikatzailean, eta sua apaltzen delarik, gainetik salto egiten dute babesaren egonkortzeko”.
Bere rola argia da ihauterietan: San Pantzarrek jendartearen soberakeriaren irudia irudikatzen du. Auzian gehiegi jatea leporatzen zaio, baina horrez gain, haren gehiegikeriek edo hobeki erranik, jendartearen gehiegikeriek ere epaitzen dira. Bestalde, jendarteak jasaten dituen minen errudun gisa ere aurkezten da.
Batzuetan politikari baten itxura hartzen du, eta hori askotan gertatzen da; horrela, herriak baztertu nahi duen figura ere bihurtzen da.
Lehen, San Pantzarrek bikotea ere bazuen, eta batzuetan biek zorte bera pairatzen zuten. Kasu batzuetan, San Pantzar aktore batek antzezten zuen, eta suan eramateko unean panpina batek ordezkatzen zuen.
San Pantzarren auzia ihauterietako une garrantzitsua eta gakoa da. Herri batzuetan abokatua ere izaten du, baina bere zortea beti bera da: suan erretzera kondenatua izatea.