Data: 2026-03-24
Irakurketa denbora: 2 minutu

Traduction : version en Fra

3 arrazoi Euskal Herriko ekitaldietan laguntzaile izateko

Euskara ikasten ari zira eta praktikatzeko aukeraren bila zira? Edo euskalduna izanki, zure hizkuntza biziarazi nahi duzu giro politean? Bestetan eta ekitaldietan laguntzaile izatea aukera paregabea da! Hona hemen zergatik:

1. Praktikatzeko “konfiantza gunea”

Klasean ikasitakoa karrikan erabiltzea da erronkarik handiena. Baina ez dugu beti norbait gure inguruan hitz egiteko eta batzuetan zaila da pausoa ematea ere.  Horregatik ekitaldiak aukera ezin hobeak dira. Déliak dion bezala: “Euskara ikasten dutenentzat, ez da ariketa hoberenik kanpora joatea klasean ikasitakoa praktikan emaiteko”. Laguntzaileen artean, giro lasaia sortzen da, beldurrik gabe hitz egiteko.

  • Egoera zehatzak: Txartelak saldu, edariak zerbitzatu edo jendea agurtu… Ez duzu Euskaltzain izan behar! Déliak dioen bezala: “Taloak saltzeko, C1 ukaiteak ez du balio….indarra hartu, lotsa kendu eta jo!” eta “edozein maila atxemaiten da entzuteko, praktikatzeko bakotxak bere erritmo eta nahian”.
  • Murgiltzearen onurak: Vadimek argi du: AEK-ko klaseetatik kanpo praktikatzeko aukera izan dut, euskaraz egin behar delako neure burua behartuz. Murgiltze honek belarria ohitzen du; Vadimentzat, hiru egunez laguntzaile bezala aritzea klase asko baino eraginkorragoa izan zen ulermena hobetzeko.

Gainera, beste laguntzaileak hor dira zu laguntzeko eta sustatzeko: “Parean denak errepikatuko du beharrez eta plazerrekin” dio Deliak eta “Laguntzaile guztiek ongi hartu ninduten, eta horrek hurrengo urtean berriz etortzeko gogoa eman zidan”, azaltzen du Vadimek.

2. Euskaldun berri eta zaharren arteko zubiak sortzeko

Laguntzaile txandetan muga guztiak apurtzen dira: adina, etorkizuna eta euskara maila ezberdinetako jendea elkartzen da helburu berarekin. Deliak ongi laburbiltzen du nahasketa hori: “Profil biziki esberdinak baditugu eta azken finean elkartzen eta nahasten dira: zahar eta gazteak, barne eta kostaldeak, euskaldun berriak, zaharrak eta bilakatuko direnak”.

  • Ikuspegi berriak eta dibertsitatea: Eñauten ustez “euskaldun berri batek ikusmolde berri bat ekartzen ahal du, ez delako bortxaz hemendik heldu eta beste esperientzia batzu ezagutu baititu eta iruditzen zaio “euskaldun berri eta zaharren nahasketak ikuspegi dibertsitate handiagoa ekartzen ahal duela”.
  • Elkar-laguntza: Giro horretan, euskaldun zaharrak bidelagun bilakatzen dira eta beldurrak kentzen laguntzen dute: Eñautek, euskaldun zaharra izanik, argi du laguntzeko prest dela: Euskaldun berriak laguntzeko poliki hitz egiten diet, esplikatuz berdin duela hutsak egitea eta zuzentzen ditut ere beharrezkoa iruditzen bazait”.

  • Sare berria: Euskarazko munduan sartzeko eta jende berria ezagutzeko modurik azkarrena eta politena da. Vadimek dion bezala: Ni ez naiz Euskal Herrikoa eta ez dut familia euskaldunik, baina laguntzaile izateari esker jende berria ezagutu dut”.

Azken finean, Deliak dioen bezala “Zango bat emaiteak ateak idekitzen ditu, sare eta  familia hori ezagutzeko”. 

3. Gure lurraldea eta hizkuntza biziarazteko

Euskal ekitaldi batean laguntzaile izatea ez da “lan” egitea bakarrik: euskararen sarea handitzea eta sendotzea da. Izan ere, Eñauten arabera “Elkarlanean aritzeko aukera ematen dizu, zu bezalako interesak eta ideiak partekatzen dituzten beste jende batzuekin.

Zure laguntza ezinbestekoa da gure herria eta kultura mugiarazteko! Laguntzaile gisa, euskararen ekosisteman parte hartzen duzu. Horra hemen zerrenda proposamen bat:

Eusko Eguna
Apirilaren 18an, Ezpeletan

EHZ
Ekainaren 26, 27, 28an, Arberatze-Zilhekoan

Festialasai
Agorrilan, Miarritzen

Korrika Kulturala eta Korrika

Lurrama
Azaroan, Miarritzen

Mintzalasai Festibala
Irailan, Miarritzen

Nafarroaren eguna
 Apirilaren 26an, Baigorrin

Eta beste anitz!

Beraz, noiz hurbilduko zira? Eman izena hurrengo ekitaldetian eta bizi euskaraz!

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.