Euskarari buruz gehiago jakin nahi duen erdaldunak bere beharretara egokitutako eduki ugari aurkituko ditu hemen.
Euskarak jatorri misteriotsua bezain biziraupen harrigarria du. Inguruko hizkuntzekin lotura gutti duela erraten da, Europako kontinenteko zaharrenetakoa dela ere… Zer da egia, zer fikzioa?
Behar bereziak
Hasi berrientzat, euskara ikuspuntu gramatikaletik eta sozialetik hartu behar da. XXI. mende hasiera huntan, euskararen indarra jendartearen bizi-gogoan oinarritzen baita.
on.eus webguneak baliabide praktiko ugari eskaintzen dizkie euskara deskubritu nahi dutenei:
Artikuluak
hizkuntza aniztasunaz jabetzeko, euskara ikasteko formulak ezagutzeko, hizkuntzaren bizitasuna deskubritzeko…
Aholku praktikoak
eguneroko elkarrizketetan euskara txertatzen hasteko, aurreiritziak deseraikitzeko, erdaldunen rola lantzeko…
Baliabide egokituak
online kurtsoak, jokoak, musika, podcastak… lotura zuzenak euskaraz une goxoak pasatzeko.
Eta gainera
euskarazko hitzorduen agenda eguneratua, eragile linguistikoen aurkitegia, lexikoak, informazio liburuxkak…
Pedagogia ariketa bat
Eduki berriak erregularki argitaratuko dira. Horretarako, arlo horretan ari diren elkarte eta instituzio publikoekin hurbiletik lan egingo dugu: euskaltegiak, didaktikariak, kultur eragileak, mediatekak, herriko etxeak…
Bestalde, zuk ere webgunea hobetzen ahal duzu, zure galderak pausatuz, edukiak proposatuz edo zure iritzia bidaliz.
Azkenik, ON! sare sozialek tonalitate arinago batean webgune horretan lantzen duguna hedatuko dute; plataforma nagusietan atzemanen gaituzu.
Askotan entzuten da euskara ikastea zaila dela; zaila baino, nahiago dugu erran desberdina eta logikoa dela. Euskara ikastea esperientzia pizgarria da. Ongi etorri!