Data: 2026-05-12
Irakurketa denbora: 2 minutu

Traduction : version en Fra

“Ez dut denborarik…” Baina 10 minutu badituzu: euskara zure egunerokoan sartzeko modu errazak

Lana, familia, lagunak, ardurak, hitzorduak… Egunak hegan pasatzen zaizkigu eta askotan ondorio berera iristen gara: “Bai, euskara ikasi nahi nuke, baina ez dut denborarik…”

Bakoitzak euskararekin duen harremana ezberdina da. Batzuek etxean jaso dute hizkuntza, beste batzuentzat lagunen hizkuntza da, edo seme-alabek ikasten dutena. Asko dira euskara ikasi nahi dutenak, hizkuntza hobetu nahi dutenak edo gehiago mintzatzeko aukera bilatzen dutenak. Baina eguneroko erritmoak eta baliabide faltak askotan zaildu egiten dute hori guztia.

Baina gaurkoan galdera aldatuko dugu: “denborarik badut?” esan beharrean, “10 minutu aurki ditzaket?”

DENBORA FALTA…ALA OHITURA FALTA?

Euskara ikasteko modu asko daude: murgiltze programak, barnetegiak, ikastaroak, formakuntza ezberdinak…Modu bat ez da bestea baino hobea; denak dira beharrezkoak eta baliagarriak. Azkenean, garrantzitsuena da norberaren errealitatera hobekien moldatzen den bidea aurkitzea.

Euskara ikasteko aukera anitzak kontuan hartzea positiboa da. Gaurkoan, ordea, egunerokoan euskarari 10 minutu nola eskaini ikusiko dugu.

Gosariko kafea prestatze bitartean, autoan edo garraio publikoan zoazela, edo arratsaldeko atseden unean… une horiek euskarari toki txiki bat egiteko erabil daitezke.

ZER EGIN 10 MINUTU HORIETAN?

1.Egunero 3 hitz berri ikasi

Hiztegia aberasteko modu erraz eta eraginkor bat da egunero hiru hitz berri ikastea. Horretarako hainbat aukera daude, horietako bat Anki aplikazioa izanik.

Nola erabili Anki?

  1. Anki aplikazioa deskargatu zure mugikorrean edo ordenagailuan.
  2. Lotura honetan den hiztegia deskargatu (gure proposamena). Bestela, beste bat atzeman edo zuk zurea sortu.
  3. Deskargatzean, zuzenean joanen zara aplikaziora.
  4. Ezarri zure helburua: adibidez, egunero 3 hitz berri ikasi.
  5. Hasi ikasten, eta noizean behin hitz horiek esaldi batean erabiltzera animatu!

Egunero 3 hitz ikasiz gero, aste batean: 21 hitz berri ikasiko dituzu, 90 hitz inguru hilabate batean!

2.Titular edo mezu labur bat irakurri euskaraz

  • Hedabideetan euskarazko titularrak irakurtzen hastea oso ariketa eraginkorra da. Testu luzeetara pasa baino lehen, izenburuak ulertzea ere ikasketa da.
  • Mezu bidezko komunikazioa euskaraz egitea. Elkarrizketa modu digitalean egiteak, aukera ematen du jasotakoa zein bidali beharrekoa lasai irakurri eta behar izan ezkero hiztegi baten laguntzaz itzultzeko.


3.Entzun zerbait laburra euskaraz

  • Irratia euskaraz entzuten hasteko ohitura hartzea entzumena lantzeko modu bikaina da. Euskal irratiek aukera zabala eskaintzen dute, Ipar Euskal Herriko lurralde ezberdinetako gertakariak jarraitzeko.
  • Dortoka podcasta entzutea aukera bikaina izan daiteke euskara ikasten ari direnentzat.

EUSKARA EZ DA PERFEKZIO KONDUA

Euskara ikasteko modu eta erritmo asko daude, eta denak dira baliagarriak. Helburua ez da perfektua izatea, baizik eta komunikatzea eta aurrera egitea.

Akatsak, zalantzak eta beldurrak prozesuaren parte dira.

Egunerokoan euskarari toki txiki bat egiteak ondorio handiak izan ditzake.

Gutxi dirudi, baina lehen pausoa da. Eta askotan, lehen pauso horretan dago garrantzitsuena. Gutxi egitea ere, ez egitea baino askoz gehiago da.

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.