Data: 2026-08-18
Irakurketa denbora: 2 minutu

Traduction : version en Fra

Euskarak umorea badu

Hizkuntza komunikatzeko “tresna” dela erraten dute. Kultura ere komunikatzeko modu adierazgarria da. Antzerkiarekin, istorioak oholtzaratu; musikarekin, hitzak musikatu; eta dantzarekin mugimenduan zerbait kontatu. 

Pontx: euskara eta umorea oholtza gainean

Pontxekin euskara eta kultura biak elkartzen dira, eta ikusleekin partekatzen ditut eszena gainean. Joanes eta Pontxen ama-hizkuntza euskara da, eta gure bizimodua umorea da. Euskaraz egitea ez baita bakarrik zerbait eskolarra edo formala, bizimodua ere badela uste dut. Euskaraz elkarren berri hartzea, sentimenduak adieraztea, baina noski, baita irri egitea ere!

Zeinen inportantea den egunerokoan barre egitea. Gure hizkuntzarekin irri egitea, negar egitea, emozioak gora-beheran sentitzea eta ideiak jostea.

Euskarak ere badu bere umorea

Umorearen kasuan, anitzek uste dute hizkuntza batean edo bestean txisteak hobeak direla, eta euskarazkoek ez dutela eragin berdina sortzen ahal; hau da, ez direla irringarriak. Nik, ordea, kontrakoa uste dut. 

Euskarak ere baditu bere baitan hitz-joko anitz, atsotitzak edo esaerak, eta nola ez, hitzen zentzu ugariak ere. Pontxek bere ikusgarrietan halaxe erabiltzen ditu oholtzan: “zozoak beleari ipurbeltz”, “usteak erdi ustel”, “ttiki, ttipi, txiki”… Gure hizkuntzan, euskaraz irri egitea posible da! Umorea anitza den bezala, gure hizkuntza ere anitza da, eta irri egiteko eta jostatzeko aukera ematen digu.

Kultura, hizkuntza eta umorea eskutik helduta

Pontx euskaraz eta umorez bizi da, baita Joanes ere. Azkenean, kultura, umorea eta hizkuntza elkarrekin eskutik helduta doazelako. Gainera, euskara ikasten ari den bati umorez euskara helaraztea baino gauza hoberik ba al dago?

Irriarekin ikusten eta ikasten dena beti da politagoa!

Pontxen umorea ezagutu nahi duzu?

Euskarak umorea badu

  • Hizkuntza komunikatzeko erabiltzen dugu. Baina kultura ere komunikatzeko modu bat da.
  • Antzerkiarekin istorioak kontatzen ditugu. Musikarekin hitzak abesten ditugu. Eta dantzarekin, mugimenduaren bidez, zerbait kontatzen dugu.

Pontx: euskara eta umorea eszena gainean

  • Pontxek euskara eta umorea elkartzen ditu bere ikuskizunetan.
  • Joanes eta Pontxen ama-hizkuntza euskara da. Haientzat, euskara ez da eskolan erabiltzeko hizkuntza bakarrik.
  • Euskaraz hitz egin, sentimenduak adierazi eta, noski, barre ere egin daiteke.
  • Eguneroko bizitzan barre egitea garrantzitsua da. Gure hizkuntzan ere barre egin, negar egin eta emozioak parteka ditzakegu.

Euskarak ere badu umorea

  • Batzuen ustez, txisteak beste hizkuntza batzuetan dibertigarriagoak dira.
  • Pontxek, ordea, ez du horrela pentsatzen.
  • Euskarak hitz-joko, atsotitz eta esaera asko ditu.

Adibidez:

  • Zozoak beleari ipurbeltz.
  • Usteak erdi ustel.
  • Ttiki, ttipi, txiki…

Beraz, euskaraz ere barre egin daiteke.

Hizkuntza, kultura eta umorea

  • Hizkuntza, kultura eta umorea elkarrekin doaz.
  • Euskara umorearekin erabiltzea ere euskara bizitzeko modu bat da.
  • Gainera, euskara ikasten ari denari umorez euskara erakustea oso modu polita da hizkuntza ikasteko.

 

Irriarekin ikasten eta ikusten dena beti da politagoa!

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.