Iritsi da sartzea! Udan zehar etxeko txoko batean hautsa hartzen egon diren zakuak berriz erabiltzeko eguna heldu da. 2026-2027 ikasturteko egunerokoa, etxeko lanak eta sailkatzaileak ere bueltan dira!
Baina lasai, ez gorde jostatzeko gogoak! Euskarak hamaika aukera eskainiko dizkizue sartze honetan gozatzeko!
Euskalduntzea: klase teorikoetatik haratago
Ipar Euskal Herriko haur eta gazte askorentzat, gaurtik aitzina, euskara presente izanen da haien ikastetxeetan. Batzuentzat, astean ordu soil batzuetara mugatuko da; beste batzuentzat, berriz, ikastolako hizkuntza nagusia izanen da. Ikasle batzuek euskara erabiliko dute kanpoko tenorean ere, eta beste batzuek, aldiz, euskara klase barruan utziko dute.
Pausu positibotzat har dezakegu euskara ikasgeletara eramatea. Txalotzekoa da gurasoek beren seme-alaben hezkuntzan euskararen aldeko hautua egitea. Haatik, sartzea den honetan, garrantzitsua da hainbat puntu argi izatea. Euskara irakaskuntzan sartzea urrats garrantzitsua bada ere, ez dugu ahantzi behar hizkuntza bat bereganatzeko ikasgelatik harago ere bizi behar dela.
Euskalduntzeak aisialdia eta erabilera behar ditu: euskara ikasteko ez ezik, gozatzeko hizkuntza ere izan dadin, eta haur eta gazteek ikastetxean ikasitakoa erabiltzeko lekuak, uneak eta pertsonak izan ditzaten.
Zuen haurrek euskaraz gozatzeko bi proposamen
1. "Euskaraz goza" atala
Euskarak aisia eta erabilera behar dituela erran dizuegu, ezta? Bada, zuen haurrek euskaraz gozatzeko aukerak bilatzen badituzue, On.eus webgunea abiapuntu ona izan daiteke. «Euskaraz goza» atalean, adin eta gustu guztietarako hainbat eduki aurkituko dituzue:
Marrazki bizidunak: abenturak, istorioak eta pertsonaia berriak euskaraz ezagutzeko.
Kantuak eta musika: kantatu, dantzatu eta euskal musikaren mundua deskubritzeko, baita euskal artistak ezagutzeko ere.
Ipuinak: istorio ederretan murgildu eta irudimena euskaraz pizteko.
Jokoak (haurrak) Jokoak (helduagoak): jolastu, dibertitu eta, konturatu gabe, euskaraz aritzeko.
Filmak: euskal zinema ezagutu edo euskarara itzuliak izan diren filmak deskubritzeko.
Podcastak: gai dibertigarri zein interesgarrien inguruan entzuteko eta ikasteko.
Eta ez da hori bakarrik: Euskaraz goza ataletik Euskal Herriko beste hainbat webgunetako edukietara ere irits zaitezkete. Aukerak ugariak dira, eta adin, gustu eta une guztietarako badago zerbait. Gainera, atala etengabe eguneratzen da, proposamen berriak aurkitzeko.
Beraz, ez dago aitzakiarik: aukeratu zerbait, eman play eta utzi euskara etxeko aisialdian sartzen.
2. AGENDA: Euskaraz bizi
Baina euskaraz gozatzea ez da etxean edo pantaila baten aitzinean gelditzen.
Aurrez aurre ere badaude euskaraz bizitzeko eta gozatzeko aukerak. Horretarako, ON!eko Agenda begiratu besterik ez duzue: Ipar Euskal Herrian antolatzen diren euskarazko hainbat hitzordu aurkituko dituzue, haurrentzat zein familientzat.
Ikuskizunak, tailerrak, festak, topaketak… Aukeratu zuen gustukoena, atera etxetik eta gozatu euskaraz, elkarrekin!
Digitalki zein presentzialki, euskara, beste edozein hizkuntza bezala, gramatika eta hiztegia ikasteko hizkuntza izateaz gain, jolastekoa, lagunekin hitz egitekoa, gazteen artean hizkera berriak sortzekoa eta irakasleekin modu formalean aritzekoa ere bada.
Euskara bada pantailetan ikusten ditugun edukien hizkuntza, etxeko sofan ikusten dugun filmarena, oheratu aitzin entzuten dugun musikaren hizkuntza edo asteburuan ikustera goazen ikuskizunarena. Gaurkoan bi eduki partekatu ditugu zuekin, euskara ikastetxeetatik atera eta egunerokoan txertatzeko bidea errazagoa izan dadin. Aukerak hor daude; orain, zuen esku dago probatzea!
Eta bidean zalantzarik sortzen bazaizue, ez izan zalantzarik: idatzi eta lagunduko dizuegu!
