Marie Chopin 2002an etorri zen Baigorrira. Alaba eskola publikoko sail elebidunean ezarri aitzin zalantzak izan zituen. Urteak pasaturik, erabaki hura nola hartu zuen eta euskarak alabaren nahiz bere bizitzaren zer bide egin duen kontatzen du.
ON.EUSek eta Euskal Hirigune Elkargoak elkarlanean sortutako Euskaraz handitu eta bizitzeko gidaliburua proiektuaren baitan, zazpi lagunek beren esperientzia eta bizipenak partekatu dituzte. Euskararen presentzia eguneroko bizitzako hainbat esparrutan ezagutzeko zazpi elkarrizketa.
Alaba sail elebidunean ezartzeko erabakia ez zen berehalakoa izan.
Ez, hasieran kezkatua nintzen. 2002an etorri nintzen Baigorrira, eta nire haurrak eskola publikoan ibili ziren. Alaba haur handien gelara iritsi zenean, beldur nintzen euskaraz ikasteak frantsesean zailtasunak eraginen ote zizkion. Irakasle batek euskararen transmisioaz hitz egin zidan. Probatzea erabaki nuen, nola moldatzen zen ikusteko.
Lau hilabeteren buruan, euskaraz kantatzen eta hitz egiten zuen.
Zer oroitzen duzu eskolako urte haietaz?
Matematikak eta beste bi ikasgai euskaraz egiten zituen. Behar zuenean, ikasle nagusiek laguntzen zioten. Gurasoen artean ere elkar laguntzen genuen: batzuek gauzak itzultzen zizkidaten. Sei urtez egon nintzen gurasoen elkartean, euskaldunekin eta euskaraz ez zekitenekin.
Zu ere hurbildu zinen euskarara.
Bai, bi urtez AEKko klaseak segitu nituen. Baigorrin haurtzain-etxe bat ere sortu nuen, eta pixkanaka elebitasuna eskaintzen hasi nintzen.
Gaur egun, zer leku du euskarak alabaren bizitzan?
Lizeoan izan ezik, eskolatze osoa sail elebidunean egin zuen. Gaur egun euskaraz lan egiten du, elkarteetan biziki inplikatua da eta euskarazko irrati-saioetan ere parte hartzen du. Biziki harro naiz hartaz.
Informazio gehiago elkargoaren webgunean