Hizkuntza bat zerotik ikasten hastea pausu handi bat da. Izan ere, etxe edo mundu berri batean sartzea bezalakoa da. Hitz berriak, gramatika berria, hiztegi berria ikastearekin batera, komunitate berri bat ezagutzera ere salto egiten baita.
Etapa bakoitza aurrerapena da
Hizkuntza bat ikastean, askotan helburua mailarik altuena lortzea izaten da. Baina ikastea ez da helmugara iristea bakarrik. Ikastun bakoitzaren bidea ezberdina da, eta bidean motibazioa zein frustrazioa sentitzea guztiz normala da. Baina etapa bakoitza ikaskuntza-prozesuaren parte da, eta pauso bakoitzak aurrerapena dakar.
Izan ere, euskara ez da C1 mailara iristean bakarrik ikasten. Lehen hitza ezagutzen duzun unetik bertatik hasten zara hizkuntzarekin harremanetan: hasieran hitz baten bidez, gero testuingurua ulertuz, ondoren esaldiak sortuz eta, pixkanaka, elkarrizketetan parte hartuz. Akatsak ere agertzen dira. Eta bai, euskaldun zaharrek ere egiten dituzte, baina jakin hizkuntza ikasteko eta hobetzeko prozesuaren parte dela!
Hizkuntza ikastearen prozesuaren etapa batzuk ezagutuko ditugu eta agian zure burua batean baino gehiagotan ikusiko duzu.
Ez ahantzi: etapa bakoitza baliagarria dela, eta bakoitzean bada zer ospatu. Ez itxaron azken etapara iritsi arte zure aurrerapenaz harro egoteko.

- Zertaz harro egon? Kasik deus ulertzeko gai ez bazara ere, entzuten duzunetik hitzak identifikatzen hastea aurrerapauso handia da: dagoeneko euskararekin harremanetan zaude! Pausua eman duzu, zorionak!
2. Gero, hitzak testuinguruan kokatzera pasatzen gara
Hitz bat bakarrik ikastea baino gehiago gertatzen da: hitz hori noiz eta nola erabiltzen den ulertzen hasten zara.
Adibidez, egun on entzuteak ez du esan nahi soilik bi hitz ezagutzen dituzula; badakizu noiz erabiltzen den eta zer egoeratan.
Edo, «Zenbat da?» entzutean, agian hitz guztiak ezagutzen ez badituzu ere, erosketa batean prezioa galdetzeko balio duela badakizu.
- Zertaz harro egon? Zein sentsazio ona den hitzak testuinguruan kokatzeko gai izaten hasten zarenean! Ez dituzu hitzak soilik ikasten: dagoeneko badakizu nola eta noiz erabiltzen diren. Pauso interesgarria zure bidean!
3. Besteek euskaraz egiten digute, eta guk oraindik erdaraz erantzuten dugu
Hau etapa biziki interesgarria da. Euskara ulertzen hasi zara, baina oraindik ez duzu nahikoa segurtasunik edo baliabiderik euskaraz erantzuteko. Horrek ez du esan nahi euskaraz ez dakizunik: ulermena eta ekoizpena erritmo ezberdinetan gara daitezke. Horregatik, kasu honetan, euskaraz entzun eta ulertzeko gai izan arren, erantzunak erdaraz ematen dituzu.
Adibidez:
- Atzo zineman ikusitako filma maitatu duzu?
- Oui, j’ai beaucoup aimé ! C’était vraiment sympa. Un peu long peut-être, mais très intéressant.
- Bikain, pozten naiz! Norekin joan zinen?
- Avec ma fille. Elle n’avait pas de foot hier, alors on en a profité pour aller au cinéma toutes les deux.
- …
- Zertaz harro egon? Erraten dizutena ulertzeko gaitasuna pauso garrantzitsua da, eta, gainera, parekoari euskaraz hitz egiteko aukera ematen ari zara. Pixkanaka, entzuten duzun euskara erabiltzeko gaitasuna ere garatzen joango zara.
4. Pixkanaka, lehenengo euskarazko hitzak esaldietan sartzen

Normalean, elkarrizketaren hasieran edo bukaeran erabiltzen dira, edo egoera jakin batzuetan. Agian oraindik ez zara elkarrizketa osoa euskaraz egiteko gai, baina hitz horiek erabiltzeak euskara erabiltzen hasi zarela erakusten du.
- Zertaz harro egon? Parekoari seinale bat ematen diozu: euskaraz hitz egiteko prest zaudela. Gainera, hizkuntza praktikatzen hasteko momentu bikaina da, hainbeste denboraz entzuten ibili zaren hitzak ahotik ateratzen hasten dira. Euskararekin duzunharremana gero eta aktiboagoa da
5. Eta, poliki-poliki, elkarrizketak sortzen hasten dira
Galderak egiten dituzu, erantzunak ematen dituzu, beste pertsonari zerbait galdetzen diozu eta elkarrizketari eusten saiatzen zara. Hasieran elkarrizketak oso sinpleak izango dira eta etenaldi asko egongo dira. Baina pixkanaka elkarrizketa luzeagoak eta espontaneoagoak egiteko gaitasuna garatzen da.
Eta hortik aurrera ere badago bidea: elkarrizketa ezagunetatik egoera berrietara, gai sinpleetatik konplexuagoetara, eta aurrez prestatutako esaldietatik gero eta mezu espontaneoagoetara.
- Zertaz harro egon? Honera iristeko eman dituzun pausu guztiengatik, eta batez ere, zurekin euskaraz aritzeko aukera zabaltzeagatik.
PAUSO BAKOITZA DA AITZINAMENDUA
ETAPA BAKOITZA DA ONARGARRIA
MAILA GUZTIAK DIRA ONGI ETORRIAK
Eta oroitu: akatsek ez dute hizkuntza kaltetzen
hizkuntza ez erabiltzeak du euskara itzaltzen
ONGI ETORRI EUSKARAREN MUNDURA!

