Zer, aisialdia ere euskaraz? Bon, bon…
Eskolan edo ikastolan euskararen hautua egina, etxean euskaraz ari (batzuetan, ahal bezala)… eta beharko zenituzkeela haurrak euskarazko aisialdian ere eman? Menturaz batzuentzat hautu naturala da, baina beste batzuek ez duzue ikusten horren interesa…
Egia da, haurrak ttipi direno, horien bizitza ikastetxetik etxerako bidean mugatzen dela. Baina badakizu nola den: fite handitzen dira, eta bazterrak berdeago ikusten dituzte, han eta hemen! Bon, sustut han… Horien bizi-espazioak zabaltzen dira, anizten, eta usu lagunen artean berotzen dira, udaleku batera joateko, kirol zerbait klubean hasteko, edo musika-tresna bati lotzeko. Funtsean, zuretzat ere lagungarri da aisialdi zentro bat etxetik hurbil izatea, lanagatik ez baduzu zaintza-hautu handirik.
Beraz, zertan da interesa aisialdia euskaraz izan dadin?
- Euskaraz gozatzeko: Eta bai, berak hautatu duen edo jostetari lotua den aktibitate batean gozatuko du, eta euskara gozamen eta motibazio horri lotuko du.
- Egunerokoa bilakatzeko: Jostetan ari diren bitartean, haurrek ohartu gabe hizkuntza-usaia batzuk hartzen dituzte lagunartean, eta horrela da euskara horien egunerokoan sartzen.
- Eskolaz haratago: Euskararen mugak zabaltzeko, eta irakasle edo hezitzaile kuttunez gain, beste heldu euskaldun eta kulak ere badirela ikusteko.
- Konfiantza hartzeko: Menturaz zure haurra ez da eskolarki beti goxoki, eta euskara konfiantza eskas bati lotzen du. Aisialdian euskaraz eginez, loratze-bidean emanen da berriz?
- Euskara gorpuzteko: Hizkuntzaren ñabardura gehiagoz jabetzeko, bertsotan, adibidez; euskara kultur eta komunitate bati lotzeak ere haurrari zentzua ematen diolako.
Beste galdera da non diren aukerak, aisialdia euskaraz egiteko: webgune honetan duzu lehen aurkitegi bat, denborarekin beztituz eta zabalduz joanen dena. Aisialdi-munduko jendeak ikusten du geroz-eta haur gehiago euskaraz eskolatua dela, eta antolatzen hasia da haurrei harrera eta aktibitateak euskaraz egiteko. Kontzientzia hartzen dute, baita ere, aisialdia zein inportantea den haurrak euskalduntzeko.
Nerabeei begira…
Hego Euskal Herrian egiten duten Arrue ikerketa jarraikia kontuan hartuz, ohartu dira 14 urteko nerabeak euskaraz gutiago ari direla: 10 urtetan, euskara gehiago erabiltzen zuten, lagunartean. Salbu… aisialdia eta kultura euskaraz eskainiak direlarik: hor, 10 urteko hein bera atxikitzen dute, 14 urtetan ere bai. Horrek ere frogatzen du eskolaz kanpoko espazioak zein erabakigarriak diren, biharko belaunaldien euskalduntze-bidean!
Zu ere ohartu zira, adin batetik goiti, haur eta nerabeei zaila zaiela euskaraz egitea, espontaneoki eta horien artean? Zure galderen erantzunaren zati (handi) bat aisialdi- eta kultur-jarduera horietan da! Espazio horiek etxea eta ikastetxearen sustenguz jinen zaizkizue, zuri eta zuen seme-alabei, bereziki CM1-etik goiti.
Horrela ere duzu ikusiko aisialdiak zein heinetaraino normalizatzen duen euskara haur edo gazte baten bizitzan, eta kulturak nola sentiaraziko duen euskaldun, berezi eta unibertsal, mundu zabal honetan. Denen artean, euskaraz jostatzen ta dantzatzen segitzeko!