Gau eskolan edo lanordu garaian, taldean edo bakarka, irakasle batekin edo autoikasketa-metodoekin, euskara ikasteko abenturan murgildutako heldu zaren heinean, zure beharretara egokitutako eduki ugari aurkituko dituzu hemen.
Ipar Euskal Herrian, gaur egun, euskara aktiboki ikasten ari diren 1.500 heldu inguru zenbatzen ditugu. Haurra bere eskola-bidean laguntzea, lurraldeko kodeak eskuratzea, familia-historiarekin berriz lotzea, hizkuntzekiko pasioa asetzea, norberaren lan-aukerak zabaltzea, bizi den ingurunea hobeto ulertzea… denek dugu euskara ikasteko arrazoi on bat.
Behar bereziak
Ikasketa prozesu horretan murgiltzea, hautu eder eta ausarta da; galdera zenbait sortu ditzake tarteka: nola gainditu ikasprozesuan ez aitzinatzearen sentsazioa? Nola aldatu gure hizkuntza ohiturak hurbilekoekin? Nola konpondu zilegitasun falta hori?
on.eus webguneak baliabide praktiko ugari eskaintzen dizkie euskara ikasiz, gure hizkuntzari etorkizun hobea eskaintzen diotenei:
Artikuluak
diru laguntza aukerak ezagutzeko, euskara errazean idatzitako liburuak deskubritzeko, mintzapraktiken agenda kontsultatzeko…
Aholku praktikoak
ohiko kezkei buruz, hala nola euskara batua eta tokiko berezitasunak, hurbileko batzuen sostengu eskasa, ikasprozesua indartzeko tresna ludikoak…
Baliabide egokituak
online kurtsoak, jokoak, musika, podcastak… lotura zuzenak euskaraz une goxoak pasatzeko.
Eta gainera
euskarazko hitzorduen agenda eguneratua, eragile linguistikoen aurkitegia, lexikoak, informazio liburuxkak…
Pedagogia ariketa bat
Eduki berriak erregularki argitaratuko dira. Horretarako, arlo horretan ari diren elkarte eta instituzio publikoekin hurbiletik lan egingo dugu: euskaltegiak, didaktikariak, mediatekak, herriko etxeak…
Maila edo ohitura eskasagatik euskaraz irakurtzeko ohitura ez dutenentzat, artikulu batzuk euskara errexean berridatziak izan dira. Piktograma segituz, bilduma eskuragarri bat atzemanen duzu.
Bestalde, zuk ere webgunea hobetzen ahal duzu, zure galderak pausatuz, edukiak proposatuz edo zure iritzia bidaliz. Azkenik, ON! sare sozialek tonalitate arinago batean webgune horretan lantzen duguna hedatuko dute; plataforma nagusietan atzemanen gaituzu.
Askotan entzuten da euskara ikastea zaila dela; zaila baino, nahiago dugu erran desberdina eta logikoa dela. Euskara ikastea esperientzia pizgarria da. Ongi etorri! Bidelagun izanen gaituzu.