Data: 2026-06-02
Irakurketa denbora: < 1 minutu

Traduction : version en Fra

Irakur kasko, uda honetako erronka kolektiboa euskarazko irakurketa biziarazteko

“Eta uda hau euskal literaturaren aberastasuna (berriz) deskubritzeko aukera paregabea balitz? «Irakur kasko» -rekin, bai irakurle hasiberriak bai trebeak gomitatuak dira erronka kolektibo batean parte hartzera: ekainetik irailera, gutxienez euskarazko 300 liburu irakurtzea.” Marion Lastiri

Kontu ezaguna da, euskaraz den literatura aberatsa, anitza eta bikaina izanik ere, irakurle guti girela honen gozatzeko. Euskal liburuak irakurtzeari bultzada baten emateko, “Elkartuz-Literatura” lantaldeak “Irakur kasko” erronka ludikoa, kolektiboa eta akuilagarria abiarazten du. Printzipioa sinplea da: irakurle komunitate bat biltzea helburu komun baten inguruan, euskarazko 300 liburu (bederen!) irakurtzea denen artean uda honetan.

Nori zuzendua da?

Denei idekia baldin bada ere, erronka hau bereziki helduei zuzendua zaie: euskaraz irakurtzeko usaiarik ez duten euskal hiztunak, euskara ikasten ari diren irakurleak, usaian baino gehiago irakurri nahi dutenak, euskarazko irakurzaletasuna lagundu nahi dutenak.

Printzipioa zer da?

Bakoitzak bere erritmoan parte har dezake, bakarrik edo bikotean. Elkartasunez jokatuko dugu, irakurle trebeek irakurle hasiberri edo hasinahiak lagunduz, zurkaizgo molde baten bidez. Alabaina, literatura euskaraz irakurtzea gailur goregia iduritzen zaie anitzei. Baina mendian bezala, lagun baten laguntzarekin, posible da tontorra gainditzea!

Nola parte hartzen da?

  1. Bakarka eman daiteke izena, edo, bikote bat sortu ondotik (irakurle gaia + zurkaitza), binaka eman daiteke ere, irakurkasko.eke.eus atarian
  2. Liburu bat hautatu behar da (ikus zonbait liburu gomendagarri), halabeharrez elkarrekin aritzeko bidea adostu, eta noski irakurri!
  3. Liburua irakurri ondotik, bilan formulario labur bat bete
  4. Beste liburu bat hautatu eta segi irakurtzen!

Zein dira epeak?

  • Izen ematea: maiatzaren 12tik goiti
  • Irakurketa garaia: ekainaren 6tik irailaren 30era


Euskarazko liburu bat irakurtzea, hizkuntzaz gozatzeaz gain, ekintza kulturala da. Ea lortzen dugun 300 liburuen gailurra igaiten, sokada luzea lagun!

Antolatzaileaz bi hitz

Euskal kultur erakundeak bultzatu duen “Elkartuz-Literatura” lantaldeko kideek antolatzen dute ekimen hau.

Partaideak: Ikas eta elkar Baiona.

Xehetasunak eta izena emateak Irakur kasko atarian.

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.