Data: 2026-10-27
Irakurketa denbora: 3 minutu

Traduction : version en Fra

Gau beltza heldu da!

Udazkena azkenean iritsi zaigu eta harekin batera hainbeste faltan bota izan dugun euria. Urrian sartu, uda ahantzi eta neguari begira jarriko gira. Eta heldu zaigu gau beltza.

Gau Beltza euskal Halloween ote da?

A bai «c’est le halloween basque» eta amerikar pesta bat da, moda komertzial bat da. Baina zer ote da azkenean gau beltza ? Eta zergatik ospatzen dugu ? Eta bereziki noiztik ? Gau beltza, animen gaua, katu gau, halloween, Samain…. Izen frango ditu udazkeneko fest famatu honek. 

Saia gaitezen hori pixkat kokatzen...

 

Antropologoek diote duela 3000 urte jada ospatzen zela udazkeneko hitzordu hau. Udazkena negura iristeko bide bezala ulertzen zen. Izan ere, uzten bilketa bukatzen zen eta etxeak janari goxoz betetzeko unea zen, neguko giro hotza prestatu ahal izateko. Horrekin batera, zuhaitzetako ostoak erotzen hasten ziren, egunak laburtu eta hotza iristen zen. Iluntasunak eguneko argitasuna nolabait gainditzen zuen.  

Sinesteek diotenez urri bukaera eta azaro hastapenean bizidunen eta hildakoen munduen arteko ate bat sortzen zen, eta hildakoen arimak berriz lurretik pasatzen ziren.  Gure arbasoek sinesten zuten udazkenean lurra hiltzen edo lokartzen zela.

Segundu batez bada ere, merezi du denboran atzera egitea. Garai hartan, eguzkia ezkutatzen zenean, ingurua pixkanaka iluntzen zen. Ez zegoen gaur egungo argirik, ezta gaua argitzeko etengailurik ere; sua zen iluntasunean argia aurkitzeko baliabide nagusietako bat. Udazkena iristean, gauak luzatu egiten ziren, eta iluntasuna are nabarmenagoa zen.

Iluntasunak sorturiko errituak

Iluntasun giro horretan, etxeko txikienak kandelak eta bestelako argiak erabiliz jendea izutzen ibiltzen ziren. Gazteak etxez etxe joaten ziren, mozorroak eta kandelatxoak erabiliz, txisteak kontatzen eta kantatzen. Negua iritsi eta gauak luzatu aurretik, elkartzeko azken aukeretako bat izaten zen garai hau. 

Baina zergatik mozorroak? Badirudi, antzinako sinesmenen arabera, mozorrotzen ginela hildakoen arimek gu ez ezagutzeko eta, batez ere, haien izpirituek bakean utz gaitzaten.

Errituak erritu, erraten da Gau Beltzean hildakoak oroitzen eta omentzen zirela, eta batzuetan hilerrietan jaten zutela, beste aldean ziren senideekin sinbolikoki partekatuz otordua.

Gau beltzaren berpiztea

Sinesteak joan sinesteak etorri, azken urteetan gau beltzaren berpizte bat ikusten ahal dugu Euskal Herri osoan. Taupak bultzaturik, hegoaldeko herri gehienek ospatzen dute gau beltzaren etorrera, goxoki bilketan, beldurrak erretzen eta mozorrotzen.

Eta iparraldean zer?

Iparraldean hegoaldean bezela hasi gira besta hori (br) ospatzen. Itsasun, Baionan, Basusarrin, Urruñan, Hendaian, Azkainen urriaren 31an jendea biltzen da goxoki, dantza, ipuin kondaketa, salda tailerrak edota Baionan bezela hartza lokartzeko. Herri bakoitzak bere moldera antolatzen du, eta hori belaunaldien arteko trukaketak, eta elkar ezagutzarako leku ezin hobea da.

Giro goxo eta polit horrezgain gehienetan hitzordua euskaraz antolatua da. Horrek, haurrei aktibitateak eta aisia euskaraz eskaintzeko parada islatzen du. Akbitate horien artean tailer ezberdinak egin izaten dira, sukaldaritza eta fosforo tailerra adibide batzuk izanik. 

Elkarteetako kideek erritual berriak asmatu dituzte ekimen hau sustraitzeko eta sendotzeko. Ohitura bilakatzen ari dira, eta, agian, egunen batean tradizio bihurtuko dira. Horrela, su handiak pizten dira, beldurrak uxatzeko; ipuin berriak sortzen dira, herriaren historia eta izaera kontatzeko; eta pertsonaia berriak agertzen dira, herria bera irudikatzeko.

Ospakizun zahar hau berrituz eta (bizi)berrituz tradizioa berreraikitzen ari gara, eta horrekin batera Euskal Herri euskalduna…Beraz, hala bada edo ez bada, sar dadila kalabazan eta denok atera gaitezen euskaraz herriko plazan!
INGURUKO GAU BELTZA GAUALDIAK EZAGUTZEKO

 

Beste artikuluak

Artikulua partekatu

ON! ezagutu

Gure herria ezaugarritzen duen hizkuntza osoa, minorizatua, bizi berritzailea, publikoa eta berezia deskubritzeko atala.

 

Euskaraz goza

Etxean, treinean edo laneko pausan… haurrekin, ikaskideekin edo lagunartean… momentu goxo bat euskaraz pasatzeko baliabide batzuk.