ON! webgune erreferente bat izateaz gain, 120 m²-ko espazio partekatu bat da ere. Informazio gunea, bilkura gela, coworking espazioa, liburutegia eta azkenaldian atseden gunea ere bai.
San Andres eta Patxa plazen artean kokatua, ON! kanporantz irekia den bizigune bat da. Aldi berean lanerako tokia eta euskararen munduetara sartzeko atea.
Erabilera anitzeko espazioa
ON! egoitza, 3 gelatan antolatua da:
Bilgunea
Harrera eta bilkuretako espazioa. Bertan aurkituko dituzu…
- Lexiko eta liburuxkak urririk,
- Euskarari lotutako baliabideak salgai (hiztegiak, kitak, egutegiak, apainketak…),
- Edonoren eskura dagoen bilkura gela, linean erreserbatuz.
Sorgunea
Lanerako eta sorkuntzarako espazioa. Bertan aurkituko dituzu…
- Bulego nomadak,
- Erreprografia gune bat,
- Liburutegi bat.
Erabiltzaile puntualentzat dohainik da eta ohikoentzat elkartasun prezioan. Formulak, tarifak eta baldintzak webgune horretako atal berezituan kontsulta daitezke.
Eraikitzen ari den proiektua
Euskararen biziberritzean engaiatutako 8 egiturek animatzen dute ON! gunea: BADA gazte hedabidea, BIGA BAI guraso elkartea, ELKAR argitaletxea, HEDABIDEAK euskarazko hedabideen sarea, EUSKAL KONFEDERAZIOA, PLAZARA diziplina anitzeko kolektiboa, TAUPA mugimendua eta UEU. Oraindik tokia bada zuretzat: zatoz!
Datozen hilabeteetan, gune honek bere garapena segituko du. Kanporantz irekiko da, animazioak antolatuko ditu, denda puntualak zabalduko ditu eta auzoan antolatzen diren ekitaldietan parte hartuko du.
Etorkizun hurbilean, ON! inguruko eragileekin elkarlanean aitzinatuko da, besteak beste Patxoki berria proiektuak ekarriko dituen aldaketekin birkokapen bat bilatuz. Ideia zoragarri andana dugu buru gibelean: euskarari eta munduko hizkuntzei buruzko ihes-gela bat instalatzea, euskararen bizitasunari eskainitako interpretazio zentro konektatu bat sortzea, multimedia sorkuntza estudio bat proposatzea…
Argia piztua ikusten baduzue hortik pasatzean, zatozte gure ezagutza egitera. Kafe goxo bat eta zuen inguruan banatzeko hiztegitxoak eta kolaki ederrak eskainiko dizkizuegu.














