Batzuentzat uda munduko beste puntara joateko garaia da; beste batzuentzat, berriz, Euskal Herrian gelditu eta ingurua beste begi batzuekin bizitzekoa. Eta egia erran, ezin gara kexatu gure inguruak eskaintzen digunaz.
7 probintzia, 7 plan!
Haatik, eremu oso turistikoa ere bada. Horren aurrean, ez da beti erraza izaten udan euskaraz bisitatzeko eta gozatzeko espazioak aurkitzea edo gure herriak ezkutatzen dizkigun txoko eder eta ez hain turistikoak aurkitzea. Izan ere, eskaintza ez da tokikoen errealitate eta beharretara egokitua egoten beti.
Baina lasai! Gaurkoan, Euskal Herriak dituen probintzia adina plan proposatuko dizkizuegu. Zergatik ez uda honetan Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutu? Besta egiteko, inguruaz ikasteko eta bestelako ekintza andana egiteko aukera eskaintzen digu gure herriak, euskaraz gainera. Horra hemen, beraz, probintzia bakoitzeko plan proposamen bat!
LAPURDI: Baionako besta alternatiboak
Azken urteetan, Baionako bestek izaera masiboa hartu dute, eta hitzordu nagusi bilakatu dira. Horren erdian, bada bestelako proposamenak eskaintzen dituen mugimendu bat ere, besten barruan espazio alternatiboak sortu nahi dituena.
Horren erakusgarri da Patxa plaza: Baionako besta giro masiboaren barruan kokatzen den eremu seguru eta gertukoa, euskarari leku berezia ematen diona eta euskal kultura lehen lerroan jartzen duena.
Afitxan agertzen diren kontzertuetaz gain, egunean zehar ere programazio zabala eskainia da:
- Uztaialak 16 osteguna: GAIA eta herri kirol erakustaldia.
- Uztailak 17 ostirala: Bertso saioa.
- Uztailak 18 larunbata: Gozo Gose pintxoak salgai izanen dira dantza ikastaldiarekin batera.
- Uztailak 19 igandea: Kanboko ziganteak Baionan zehar.
GIPUZKOA: Donostiko Piraten abordaia
Urtero, Donostiko Aste Nagusiko astelehenean, ehunka lagun elkartzen dira uretatik hiria “hartzeko”.
Lagun-talde bakoitzak bere itsasontzia eraiki edo apaintzen du, eta giro paregabean parte hartzen dute.
Donostiko portutik hondartzara bitarteko ibilbidea egiten da, eta itsasoa zein hiria festa kolektibo bihurtzen dira. Donostiako udako hitzordu berezienetako bat da, jai herrikoien ikur bilakatu dena.
Hitzordu honek badu bere abestia ere. Animatzen zara? Ikasi abestia eta bat egin giroarekin!
Aurten abuztuaren 10ean izango da!
BAXE NAFARROA: Urepeleko Amerikanoinea Interpretazio Zentroa
Urepeleko historiari buruz gehiago jakin nahi duzu?
Bertan kokatzen den Amerikanoinea zentroak aukera bikaina eskaintzen du.
Herriko lau gai nagusi lantzen dira bertan:
- Euskara
- Bertsolaritza
- Quinto Lurraldea
- Artzaintza.
Ez da soilik erakusketa gune bat, baizik eta espazio bizi bat, non bisitaria haranaren historiara murgiltzen den objektu, irudi, bideo, grabazio eta bisita antolatuen bidez.
Zentroa irekia da eta sarrera librea du ostiralero, 9:00etatik 17:30era.
Bisita gidatua egiteko aukera ere badago, aurrez erreserba eginda:
- 06.85.60.55.87 telefonora deituz
- herriko.etxea@urepele.eus helbidera idatziz.
ARABA: Kaiku baserria
Kaiku Baserria bisitatzea aukera paregabea da Arabako landa eremua eta lehen sektorea gertutik ezagutzeko.
Bisitak euskaraz egiteko aukera dago, eta bertan, km 0 produktuen balioa, baserriko egunerokoa eta tokiko ekoizpenaren garrantzia ezagutzeko aukera ematen dute.
Esperientzia hurbila eta didaktikoa da, bertako ekoizleen lana balioan jartzen duena.
BIZKAIA : Urdaibai Biosferaren Erreserba
Urdaibai inguruan, natura gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du Euskadiko Biodibertsitate Zentroa Madariaga Dorretxeak.
Urdaibaiko paduren bihotzean kokatua, zentro honek biodibertsitatea modu interaktibo eta didaktikoan azaltzen duen erakusketa finko bat du, ekosistemen funtzionamendua eta ingurunearen aberastasuna ulertzeko.
Horrez gain, urtean zehar tailer eta jarduera hezitzaileak antolatzen dira, bereziki familiei eta haurrei zuzenduta, natura modu parte-hartzaile eta dinamiko batean ezagutzeko aukera eskainiz.
Bisita ez da soilik ikus-entzunezkoa, baizik eta esperientzia bizia eta praktikoa bihurtzen da.
NAFARROA: Bertizko Jaurerriko Parke Naturala
Bertizko Jaurerria inguruan bi aukera osagarri daude familientzat.
Alde batetik, parke naturala eta interpretazio zentroa bada; ibilaldi lasaiak, lorategi botanikoa eta naturaren inguruko azalpen didaktikoak, askotan euskaraz edo elebidunez.
Bestetik, Bertiz Abentura Park, basoan kokatutako abentura-parkea, zuhaitzetako zirkuituekin eta tirolinekin.
Plan aproposa da familientzat: natura, jolasa eta euskarazko arloak uztartzen ditu.
XIBEROA: Barkoxeko BIZI elkartea
Barkoxen, Zuberoako herri txiki baina bizian, plan bereziak aurki daitezke tokiko kultura eta komunitatea ezagutzeko: kantaldiak, ibilaldiak, mus jokaldiak edo bestelako kultur jarduerak.
Alde batetik, Barkoxe Bizi gunea dago; herriko bizitza, kultura eta elkarlana sustatzen dituen ekimena. Bertan, eguneroko errealitatera hurbiltzeko aukera dago, tokiko proiektuak, jarduerak eta kultur ekitaldiak ezagutuz.
Bestetik, Barkoxe eta inguruak aproposak dira Xiberoako paisaiaz gozatzeko: herri txikiak, mendiko bideak eta bertako tradizioak ezagutzeko ibilaldi lasaiak egiteko.
Bidaiatu gertu, ezagutu sakon eta bizi euskaraz:
gure lurrak badu zer erakutsi!