Pantailak aspalditik bilakatu dira gure etxeetako egunerokoaren parte. Funtzio anitz dituzte, eta horien artean, filmak eta telesailak ikusteko ere erabiltzen ditugu.
Horregatik, gaurkoan, ON.eus-eko publiko bakoitzarentzat pelikula batzuk aukeratu ditugu, bakoitzak bere errealitatetik eta euskararekin duen harremanetik euskaraz gozatzeko aukera izan dezan.
ATZEMAN ZURE AUKERA!
EUSKARAZ HAURREKIN
Hemen, haurrentzako abenturazko film batzuk proposatzen ditugu, zuen haurrek bakarrik zein zuekin (gurasoekin) batera euskaraz gozatzeko. Film hauek euskarazko audioa eta azpitituluak eskaintzen dituzte.
Garrantzitsua da haurrek ikustea euskaraz ere badagoela haien gustuko edukia, eta hizkuntza ez dela soilik ikasteko edo eskolan erabiltzeko, baita jolasteko, irudimena lantzeko eta ongi pasatzeko ere.
EUSKARA IKASI
Hemen, euskara ikasten ari zaretenontzat film batzuk proposatzen ditugu, hizkuntza beste modu batean praktikatzeko. Euskarazko audioa eta azpitituluak erabiliz, entzuten duzuna irakurtzeko eta hitz eta esamolde berriak testuinguruan ulertzeko aukera izango duzu.
Film batzuek euskarazko eta frantsesezko azpitituluak eskaintzen dituzte; beste batzuk, berriz, euskarazko azpitituluak soilik. Zure ikasketa-mailaren arabera, bata edo bestea aukeratzea komeni da.
EUSKARAZ BIZI
Hemen, euskaraz bizi nahi duzuenontzat euskarazko filmak proposatzen ditugu, aisialdian ere euskaraz gozatzeko. Euskal zinema ezagutzeko, hemengo sortzaileen lana deskubritzeko eta euskaraz sortzen diren istorioei lekua egiteko aukera ere bada.
Euskaldunek aukera dute, gainera, herriko plataformetan zein zinema-aretoetan euskaraz eta Euskal Herrian sortutako film eta telesailez gozatzeko. Aisialdian ere euskarari lekua egitea, euskarazko sorkuntzari tokia ematea eta bertan sortzen diren istorioak ezagutzea euskaraz bizitzeko beste modu bat da.