“Euskal musika” izendapena erabiltzen dugu euskaraz sortutako abestiak aipatzeko. Hizkuntza gutxitua garen heinean, gure kultura aldarrikatzeko eta partekatzeko orduan, garrantzitsua da “euskal musika”, “euskal artistak, “euskal antzerkia” edo “euskal zinema” bezalako izendapenak azpimarratzea.
Baina, zer dago "Euskal musika" esaten dugun izendapen horren barnean?
Goazen “euskal musika” deitzen dugun horren barruak pixka bat miatzera. Izendapenak balio handia duen arren, askotan euskaraz sortutako musika guztia zaku berean sartzeak ondorio bitxiak ere ekartzen ditu. Zenbat aldiz entzun dugu: “Bai, baina nik ez dut euskal musika gustuko?”
Agian elektronika ez duzu maite, baina reggaea bai. Agian ez dituzu kantu tradizionalak maite, baina gaur egun sortzen ari diren talde berriak entzuten dituzu gustura. Entzun ote izan dugu inoiz “ez dut musika frantsesa maite?” Ez, ezta? Musika estilo batzuk gustuko izan daitezke eta beste batzuk ez; baina musika hizkuntzagatik baztertzea, hori beste kontu bat da.
Euskal musika bada Benito Lertxundi, Niko Etxart, Mikel Laboa edo Lurdes Iriondo. Baina bada ere Nogen, Janus Lester, Pisoo, Bele, edo Zea Mays. Bada Maskak eta Su Ta Gar. Huntza izan zen, eta gaur egun Süne da. Esne Beltza izan genuen eta gaur egun Eire, Burutik, Olaia Inziarte, Olatz Salvador edo Añube ditugu. Hertzainak edo IndigØ, Maren edo Gorka Urbizu. Neomak edo Izaro, baita Ruper Ordorika edo Itoiz ere. Sara Zozaya, Bulego, ETS, Skabidean eta beste hamaika talde gehiago.
Eta batez ere, euskal musika ez da estilo bakarra. Rocka bada, baina elektronika ere bai. RTZk raparen ateak zabaldu dizkigu, eta Mirua bezalako taldeek erromeriaren eta soinu garaikideen arteko zubiak ireki dituzte. Oholtza maskulinizatuetatik abiatuta, emakumeek ere geroz eta espazio handiagoa hartu dute, bakarka zein taldeka. Talde gehienak Hego Euskal Herrian sortuak izan arren, Ipar Euskal Herritik ere badatoz proposamen ugari. Eta bai, hori guztia da euskal musika.
Gaztetxeetan entzuten dena da. Herriko jaietan, ostatuetan eta azken urteetako kontzertu erraldoietan kantantzen dena. Autoan, etxean edo entzungailuetan lagun duguna. Eta batez ere, gure hizkuntzan transmititzen dena da, herri eta kultura baten ahotsa, musika bidez kantatuz zabaltzen diren mezuak.
Singularra ala plurara?
“Euskal musika” singularrean esaten badugu ere, hobe ulertzea pluralean. Gustu askotarako, belaunaldi guztietarako eta momentu ezberdinetan entzuteko. Horregatik sortu ditugu on.eusen gure playlistak ere, estilo, giro eta artista ezberdinez osatutako aukeraketa zabalak, bakoitzak bere euskal musika aurki dezan.
Gure Plyalistak
Euskaraz goza atalean, haurrentzako “kantuen” atalean playlist ezberdinak daude, adinaren arabera banatuak. Helduen atalean ordea, “musika” klikatuz, musika estilo ezberdinetako playlistak ikusiko dituzue.
Entzun eta deskubritu. Eta noski, zerrendetan falta den talderen edo artistaren bat bururatzen bazaizue, ezagutarazi iezaguzue!